Desberdinen arteko akordioak behar ditugu norabide jakin batean: berton bizi garen guztion eskubide zibil, politiko eta sozialen defentsaren norabidean.
Bizkaiko Sortuko plangintza politikoak lau lan hildo nagusi proposatzen ditu; gatazkaren konponbidea, sozioekonomia, soziokultura eta berdintasuna eta politika feminista. Plangintzaren aurkezpen ekitaldian, bigarren indarra gara Bizkaian EH Bilduren baitan. Bizkaian argi eta garbi alternatiba bakarra gara: burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren bidea egiteko prest" esan du Bizkaiko Sortuko koordinatzailea den Maribi Ugarteburuk.
Bizkaia justua eta euskalduna eraikitzera goaz, beharginen Bizkaia, emakumeen Bizkaia. Orain agintean dagoen jauntxoen Bizkaiari gaina hartuko diogu. Ez guk bakarrik, hori argi dugu. Baina Sortu osotzen dugun emakume eta gizonak izango gara herrialde honetan aldaketa sozial eta politikoaren motore. Borrokatik eta elkarrizketatik, kaletik eta instituzioetatik, indarrak metatuz. Bigarren indarra gara Bizkaian EH Bilduren baitan. Bizkaian argi eta garbi alternatiba bakarra gara: burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren bidea egiteko prest.
Duela gutxi, PNV-PSE arteko itunaz berba egiten "ona da desberdinen arteko akordioak lortzea" esan du Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak. Harrez gero PP ere gehitu zaie. Desberdinen arteko akordioak onak dira, bai, baina PNV-PSE eta PPren arteko itunak justu kontrakoa erakusten du: berdinen arteko interes amankomunen aldeko ituna da; orain arte daukagun eredu politiko, ekonomiko eta estatutarioari nola edo ahala eusteko ituna da. Espainian egoten jarraitzeko ituna. Txantxulloen ituna. Jauntxoen ituna. Eta hori ez da, ezelan ere, Bizkaiak eta Euskal Herriak behar duen akordio mota.
Desberdinen arteko akordioak behar ditugu, bai; era askotakoak, txikira eta handirakoak. Baina norabide jakin bateko akordioak: berton bizi garen guztion eskubide zibil, politiko eta sozialen defentsaren norabidean. Gure bizi baldintzak eta gure etorkizun sozial eta ekonomikoa bertotik erabakitzeko norabidean. Eta, beraz, Espainiako gobernutik etengabe datozen eta etorriko diren inposaketa, murrizketa eta ukazioei denok batera aurre egiteko norabidean. Euskal Bidea eginez, pausoka, bertotik bertorako akordioak josiz, alderdi, sindikatu eta eragile sozialen artean. Geure buruaren jabe.