Ruben Garate "Anselmo" otxandiotarra dispertsioaren eraginez hil zenetik 14 urte betetzen diren honetan, euskal presoekiko eta horren ondorioz haien senitarteekiko espainiar gobernuak mantentzen duen egoera beti izan baldin bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian.
Gauzak honela, "Anselmo" eta beste hainbat pertsona hil dituen (beste bederatzi hildako, 200 zauritu ) salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da. Aski da esateko unea da.
Bizkaiko Sortuk bat egiten du Otxandion antolatuako ekimenekin. Gaur, Udaletxean, dispertsioaren kontrako eta "Anselmo"ren oroimenerako mozio bat bozkatuko da eta ondoren, 19:00etan, konzentrazioa burutuko dute herritarrek. Datorren larunbatean, otsailak 15, 9:30ean plazatik irtenda mendi martxa antolatu dute Motxotegira eta ondoren, 13.30etan ekitaldia burutuko dute plazan. Bukatzeko, 15:00etan herri bazkaria izango da.