ALBISTEAK

Gipuzkoako Ogasunak bultzatu duen zerga politika dela-eta hainbat enpresariak herrialdetik ihes egin dutela esan da berriki. Ildo beretik, bai Arantza Tapiak bai Adegik lau haizetara zabaldu dute aipatu zurrumurru interesatua. Egoera honen haritik, honako adierazpen hauek egin ditu Joxean Agirrek, Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileak:

"Gezurretan ari dira Arantza Tapia eta Adegi, nahita eta maltzurki erasotzen baitute Gipuzkoako foru gobernua. Izan ere, Gipuzkoan publikoki iragarri zuten apokalipsia gertatzen ez dela ikustean gezur hutsean oinarri duen adierazpen zaparrada honekin zuritzen ari dira euren burua. Krisiaren eta langabezi tasaren larritasunari garrantzia kendu gabe ere, Gipuzkoa da ondoko herrialdeekin alderatuta, paro tasa txikiena duen lurraldea. Horrez gainera, zerga bilketa handiagotu du azken urteotan, Bizkian, Araban eta Nafarroan jaitsi den bitartean. Oro har, datu ekonomiko nagusiak beste herrialdeetakoak baina hobeak dira Gipuzkoan. Errealitate hau ezkutezina da.

Guztiz larria eta salagarria iruditzen zaigu Urkulluren gobernukide den Arantza Tapiak joko honetan parte hartzea. Dirudienez, urtero milioika euro irabazten duen pertsona talde txiki baten ardura fiskalagatik zeharo kezkatuta dago, eta ez horrenbeste beste herritar askoren muturreko egoerengatik, zeinaren arabera, Gipuzkoan bezala beste herrialdeetan ere, etxebizitza galtzeraino iristen diren, Kutxabank bezalako finantza entitateen desjabetzeen ondorioz.

Kezka mugatu eta interesatu horren atzetik zer egon daitekeen galdetzea zilegi iruditzen zaigu, besteak beste, kargu berean egon zen Josu Jon Imaz alderdikidea bezala, bestelako proiektuak egon baitaitezke Arantza Tapiaren lekuz kanpoko adierazpen horien funtsean: bera ere fortuna handi horietako baten jabea izateko gogoa, etorkizunean multinazional bateko kontseilaria izanda, kosta ahala kosta pribilegio fiskalak eduki nahi dituen milioiduna izatea, alegia. Aurrekariak lekuko".

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.