ALBISTEAK

Ramuntxo Sagarzazu Gaztelumendi eta Haimar Altuna Ijurkoren iritzi artikulua:

1976ko Irailaen 8an Josu Zabala Erasun bi tiroz akabatu zuen Enrique Pascual Diego Guardia Zibilak Hondarribian. Martxoaren 3ak utzitako testuinguru bortitzaren zurrunbiloan, Guardia Zibila gupidarik gabe ari zen, beste behin; Franco hil berria, Erreforma zen Estatuaren indar faktikoek sendotu behar zuten aukera bakarra, bai ala bai. Aurrez-aurre, Askapen Mugimendua eta Euskal Herriko herri mugimendu antolatua, Erreformari haustura demokratikoz erantzunez.

Bizkarretik emandako tiroz hil zuten Josu, aldez aurretik Montejurran edota uztailean Santurtzin gertatu bezala, egun estrukturala deituko geniokeen Estatuaren biolentziak hil zuenean. Hondarribiko zinegotzi guztiek dimisioa aurkeztu zuten, orduan.

39 urte ondoren, Egiari Zorren eskutik Hondarribiko Udala, kultur eragile zein antolakunde politiko eta sindikal zabaleko ordezkariek Josu oroituko dute San Pedro kalean.

Kontutan hartzekoa ez ezik, egun bizi dugun testuinguru politikoan zoriontzekoa da, zinez, deitzaileen aniztasuna. Elkartasun keinutik harago, memoria historikoa zein erantzukizun politikoa bezalako kontzeptuak ate joka izan ditugu Hondarribian; kontua ez baita ea nork bildu duen puxtarria, askea nahiko genukeen etorkizuna iraganak utzitako zauriak behar bezala ixtetik eraikia izan behar duenaren konbentzimenduak baizik. Zauriak sendatu? Akaso.

Hasi gaitezen beraz egia lehen lerroan jartzen, behingoz. Egia osoa, mozorrorik gabea, politikoak diren interesetatik askea, trukeko txanponik eskatzen ez duena. Justizia, noizbait herri honetara etorriko bada, egiaren eskutik etorriko baita. Josu Gaurdia Zibilak hil zuen; baina garaia hartako Estatu aparatuek hauspotutako erabaki politikoaren ondorio izan zela salatu behar da, ozen, inpunitateak babestua eta hitzartutako isiltasunak lurperatua.

Erreparazioak, egia jakitetik erantzukizun eskaeraren pasabidetik ibili behar duelako, sendiak merezi duelako, herri honen memoria aldebakarrekoa ez delako; eta Justiziak kulunkatutako herri askea dugulako amets: egia, memoria eta justiziaren eskutik, Josu gogoan zaitugu!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.