Gipuzkoako papergintzako langile eta sindikatuak, lan baldintzak babesteko borrokan murgilduta dabiltza azken hilabeteetan. Momentu honetan burutzen ari diren 6 egunetako grebaren hasiera, duela 10 hilabete sindikatuen eta patronalaren artean hasitako negoziaketaren baitan ulertu beharra dago.
Grebaren jatorria euskal langileriari inposatutako lan-erreforman
Negoziazio honen bitartez sindikatuek Madrildik Euskal Herriko langileriari inposatutako lan-erreforma lantegietatik kanpo utzi nahi izan dute, konbenioa eta enpresa paktuak "blindatuz". Azken finean eskatzen dutena sinplea da, langileen eta enpresen artean hitzartutakoa errespetatua izatea eta Oria eta Zubialde enpresetan gertatutakoa berriz ere ez errepikatzea. Bi enpresa hauetan, enpresa paktuak kendu baitituzte eta Oriaren kasuan gainera konbenioaren "inaplikazio" bat gauzatu, honek dakartzan lan baldintzen okertzearekin.
Patronalaren ankerkeria
10 hilabete negoziatzen ibili eta Patronalaren aldetik soilik ezezkoak jaso eta gero, Papergintza sektoreko langile eta sindikatuek greba egitea erabaki dute. Greba honek, sektoreko 6 enpresatan bozkatu duten langileen %75teko babesa jaso du, greba batek azken urteetan jaso duen babesik altuena. Hala ere, Patronalak greba honek duen babesa kontuan
hartu beharrean, hilabete hauetan izan duen jarrera mantenduz, negoziazio bilera bertan behera utzi eta greba komiteko kideak salatu ditu epaitegian, greba hau "gehiegizko greba" delakoan. Azaroaren 27an greba hasi zenetik, mobilizazio eta pikete ugari burutu dira.
Ohar honen bitartez, Sortutik greban dauden langileei gure babes osoa azaldu eta enpresariei Espainiatik herri honi inposatzen zaizkion legeak bere interesen alde ez erabiltzea exijitzen diegu. Era berean, herritarrei mobilizazioekin bat egin eta langileen eskubideen defentsan aritzeko deialdia ere luzatu nahi diegu.
Informazio gehiago:
http://www.lab.eus/eu/federazioak/industria/18-papergintza/4786-gipuzkoako-papergintzako-langileek-lehen-greba-eguna-izan-dute-gaur