Donostia aukeratu dugu Gipuzkoako Sorturen zuzendaritza taldea eta bere jardunaren ildo politiko nagusiak aurkezteko. Kalean, herritarron bilgune eta borroka gune den eszenatoki honetan konpartitu nahi dugu gure lehen gogoeta publikoa. Asteburu honetan bertan borroka feminista aldarrikatuz, gazteen kontrako jazarpen politikoa salatuz eta Hugo Chavez-en omenez Gipuzkoa osotik etorritako milaka pertsonak zapaldu dituzten kale eta plaza beretan gu ere egon garelako.
Hamar urte baino gehiago legez kanpo egon ondoren eta, independentzia eta sozialismoa helburu izan duen eremu politiko eta sozialaren 50 urtetako ondarea jasoz, eratu da Sortu Gipuzkoan. Herriz herri eta auzoz auzo egindako prozesua izan da, non ehunka pertsona inplikatu diren. Zuzendaritza hau, zuen aurrean agertzen garen emakume eta gizon hauek, prozesu honetan definitu diren ildo politikoak aurrera eramateko aukeratuak izan gara, eta hautu horri eutsiz gure militantziaren eta gipuzkoar guztien aurrean konpromiso sendoak hartu eta jakinarazi nahi ditugu.
Egoera larrian dago gure herrialdea: 50.000 gipuzkoar baino gehiago langabezian daude, ehunka pertsonak beren etxebizitzak galtzear dute, eskubide zibil eta politikoak kinka larrian, sare produktiboa, eskubide sozialak eta laboralak etengabe mehatxupean diren honetan, funtsezkoa da langileriaren ondoan egon eta erantzun irmoa antolatu. Okerretik okerrera doan egoera honen aurrean alternatiba integralak bilatzeko konpromisoa hartzen dugu gure gain. Eskubide guztien bermea ekarriko duen konpromiso politikoa, alegia. Baino egoera hau ez da kasualitatearen ondorioa, praktika politiko zehatz baten ondorioa baizik.
Gipuzkoako instituzio nagusiak hiru hamarkadaz jarraian gobernatu duten alderdiek neurri gabe zorpetu dute herrialdea, ekonomiaren lehentasunak premiazkoak ez ziren azpiegituretan finkatu dituzte, eta diru publikoa esku pribatuetera pasatu da herritar gehienen benetako beharrei iskin eginez. Ekonomia erreala, soziala, pertsonen ongizatea eta garapena jomugan dituena, ahaztu dute PNVk eta PSEk. Erraldoikeria eta gutxi batzuen interesa abiapuntu izanik, Zubietako errauskailua, Pasaiako kanpo portua, errepide sare irrazionala eta Abiadura Handiko Trenari eman edo esleitu zioten dirutza handitzen zen bitartean, gero eta sakonagoa zen langabeziak, enpleguaren suntsipenak eta zerbitzu sozialen murrizketek eragiten zuten zauria.
Sorturen helburua hau dena iraultzea, errotik aldatzea da. Eredu zahar hori dago sistemaren krisiaren oinarrian, eta guk ez diogu kasinoko ekonomiari, kapitalismo basatiari zirrikiturik utziko. Nahiko garbi utzi dugu jada hori ez dela gure bidea. Gatazken testuinguruan langileak, klase sindikatuak, desjabetuak, krisiak horren gogor jo dituen nekazari, arrantzale, garraiolari edo komertzio txikien interesak defendatuko ditugu. Izan ere, gure bidea gipuzkoarron interesak defendatzea da, ez elite politiko eta ekonomikoenak. Beste eredu ekonomiko eta soziala posible da, Espainia eta Frantziatik kanpo, justuagoa eta solidarioa. Eraldaketa hori gauzatzea Sorturen erronka eta konpromisoa da.
El objetivo de Sortu es darle la vuelta a todo esto, cabiarlo de raiz. El origen de la crisis está precisamente en el modelo que hemos padecido hasta ahora, y desde Sortu vamos a hacer frente a ese modelo basado en la economía de casino y en el capitalismo salvaje. A estas alturas ha quedado claro que nuestro camino nada tiene que ver con ese modelo. En esta época de conflictividad social, Sortu va a estar simepre en en lado de la clase trabajadora, de los y las desahuciadas, de los y las que más padecen esta crisis, como son arrantzales, agricultores, trasnportistas o el pequeño comercio. Vamos a defender los intereses de la ciudadanía gipuzkoana, no de las élites económicas y políticas. Otro modelo económico y social es posible, al margen de los Estados español y francés. Un modelo más justo y solidario. Llevar a cabo esta transformación social es el objetivo de Sortu. Y para ello Sortu quiere seguir sumando mayorías entre la sociedad gipuzkoana. .
Iraultza demokratikoa egin nahi dugu, eta horretarako Sortuk aliatu nagusi bat izango du: herritargoa. Egoera errotik aldatzeko, gipuzkoarrak dira gure aliatuak, eta interes kolektiboak gidatuko du gure jarduna. Horregatik, gipuzkoarren artean gehiengoak biltzen jarraitu nahi du Sortuk. Ezkertiarren eta soberanisten eremuan gero eta pertsona gehiago izatea da aldaketaren bermea. Batzen gaituena lehenetsiz, ikuspuntuak elkartrukatuz eta akordioetara iritsiz.
EH Bildu da gure koalizio naturala, bai instituzioetan eta baita dinamika politikoan ere. Aliantza estrategiko honetan Euskal Herria, nazio eraikuntza, eskubide guztien begirunea, zapalduen defentsa, hondakinen erreziklajea, ama lurraren zaintza, euskara eta elkarbizitza demokratikoa helburu duten pertsona guztiek daukate leku. Ez ordea, inolaz ere, etxegabetzeak ahalbideratzen dituztenak, Rajoyren murrizketen aurrean men egiten dutenak, Onkologikoa edota gipuzkoarren aurrezkiak pribatizatu nahi dituztenak, ustelkeriak zipriztindutako politikariak edo enpresa-buruak. Gobernu estilo gardena eta parte hartzailea sustatuko dugu, gure poltsikoak kristalezkoak izango dira eta gogor jazarriko dugu diru publikoaren xahuketa edo lapurketa. Bestelako Gipuzkoa bat posible dela ekinaren ekinez ari gara frogatzen instituzioetatik ere, fiskalitate aurrerakoiak, gipuzkoarren prestazio sozial eta eskubideen bermeak, ongizatearen marra gorriek eta herrien zein eskualdeen ezaugarri eta beharrek gidatuta. Norabide horretan, dinamika oparoagoa eta ausartagoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Bestela, ezin besterik izan, fase politiko honetan Sortuk bere esku dagoen guztia jarriko du gatazka politikoaren konponbidean aurrera egiteko. Baino une honetan gipuzkoarren artean kolektibo bat baldin badago oraindik gatazkaren ondorioak sufritzen ari dena hori presoena eta bere senitartekoena da. Dispertsioarekin amaitu behar dugu lehenbailehen, mendekua oinarria duen espetxe politika aldatu eta eskubideen errespetuan norabideratu Kolektiboari ematen zaion tratua. Era berean, Parot dotrina bertan behera geratu eta gaixo diren presoak kaleratu behar dituzte. Hori da gipuzkoar gehienen nahia, eta Sortu eratu zenetik gehiengo hori ikustarazteko lanean dago. Era berean, gatazkaren ondorio guztiak aitortu eta erreparatu behar dira, eta horretan aurrera pausuak ematen jarraitu behar dugu. Estatuen blokeo jarrerari mobilizazioa eta aktibazioa kontrajarri behar zaizkio, egia osoa, desmilitarizazioa eta marko demokratikoa exijituz. Ausardiaz eta determinazioz jardungo dugu.
Eta gatazkaren konponbidea integrala izateko, berandu baino lehen, Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriaren gatazkaren muinari ere heldu beharko diote. Erabakitze eskubidea onartu beharko dute. Gipuzkoan, gaur egun, aukera politiko guztiek ez dituzte aukera berdinak bere proiektu politikoak azken bururaino eramateko. Independentziaren aukera politikoa legez kanpokoa da, ezin daiteke legearen baitan gauzatu. Gipuzkoarren artean atxikimendu sozial eta politiko gehien duen aukera independentista da gurea, eta gaur egun aukera honek bidean dituen oztopo guztiak gainditzea da gure helburu nagusia. Erabakitze eskubidea lortzeko eta praktikara eramateko besoak zabalik hartuko dugu abertzale eta demokraten arteko elkarlana. Are gehiago, xede horrekin elkar ulertu eta eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarlanerako prest gaude. Aurre baldintza eta aurreiritzirik gabe. Nazio eraikuntzarako indarrak batzea gure bidai-orriko goiburua da.
Amaitzeko, konpromiso militantearen balioa gogoratu nahi dugu. Borroka egitekoa den garai honetan, dudarik ez izan: arlo eta eremu ezberdinetako militante eta sektore konprometituei esker egingo du aurrera Euskal Herriak. Garai berrietara egokitutako antolakundea da Sortu. Ez da salaketa eta aldarrikapenetan geratzeko tresna. Euskal estatu independiente, sozialista, feminista eta euskalduna dugu amets, eta berau eraikitzeko lanabesa da. Bidea luzea izango da, baina lortu..., lortuko dugu.