Handik edo hemendik ikusi eta entzun ahal izan duzun moduan, Sortu birfundazio prozesuan murgilduta dago: akreditazio kanpaina, eztabaidak, bozketak... Atzokoan, Zohardia ponentziaren aurkezpena antolatua zegoen Donostian eta, bi orduz, eztabaida politiko aberats batean murgildu ginen. Kontzeptu teoriko sakonak entzun genituen: Euskal Errepublika, Estatu sozialki aurreratuak, burujabetza, alderdi-mugimendu, jarduera sozial eta komunitarioa... Baita martxa, borroka eta rokanrola ere.
Arnaldo Otegi eta Nuria Alzugarai izan ziren Zohardia ponentzia Donostian ofizialki aurkezteko arduradunak. Hitzordua Intxaurrondo auzoan izan zen, Zulo Zahar elkartean, eta 100 lagunek hartu zuten parte. Otegi izan zen hitza hartu zuen lehena. Maisuki, egoera politikoaren azterketa egin zuen, eta fase politiko honetan Sortuk eta Ezker abertzaleak dituzten helburuak azaldu zituen: 1) Burujabetza prozesuan urrats kualitatiboak ematea 2) Estatu berria ezkerretik eraikitzea 3) Gatazkaren ondorioak ixtea.
Helburu horiek lortzeko bidea marraztu zuen: "Gehiengoak osatu behar ditugu hiru esparru administratiboetan, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta EAEn”. Hau da, Ezker Abertzaleak Estrategia konfederala abian jarriko du, hori bai, “ikuspegi nazionala galdu gabe”. Era berean, gehiengo horiek Sortuk hegemonia terminoetan ulertzen dituela argitu zuen Arnaldo Otegik: "Ez du ezertarako balio Gasteizko parlamentuan gehiengoa izateak kalean ez badago gehiengo sozial indartsu bat erabakitze eskubidearen alde"
Ondoren, Nuria Alzugaraik antolakuntza eredu berria azaldu zuen. Oso modu pedagokioan, Sortuk hiriak eta herriak bere ekintza politikoaren zentroan jarriko dituela azpimarratu zuen. Militantzia eredua asko zabalduko da, eta Sortuko militante orok parte hartu beharko du dinamika sozial eta komunitario batean edo bestea. Hitz batean, Zohardiak iraultza organizatiboa planteatzen du, kultura politiko berri bat sortzea.
Baina saioaren tonua eta erregistroa aldatu zen herritarren txanda iritsi zenean. Aipatzekoa da kide baten ekarpena, Ezker Abertzaleari “Rokanrola” eskatzen ziona. Kide honek zioen garai batean geneukan “martxa eta borroka” berreskuratu behar dugula, baina jendea dantzan jartzeko “rokanrola” falta zaigula. Zentzu horretan, Catalunyako bozeramaile independentistek transmititzen duten indarra goraipatu zuen. Arnaldok oso ados zegoela erantzun zion eta, ekarpen hau borobilduz, berreskuratu behar duguna irabazteko grina dela gaineratu zuen.
Eta horrela bukatu zuen Arnaldok: “Lehendabizi argitu behar dugu ea irabazi nahi dugun ala ez. Guk plan bat jartzen dugu mahai gainean, Zohardia ponentzian datorrena. Eta plan honek ez badu funtzionatzen beste bat jarriko dugu, hori da Sorturen erronka historikoa, independentzia lortu arte”.