Pasa den larunbatean Donostiako Sorturen aurkezpen ekitaldia burutu zen Plaza Berrian (Konstituzio enparatza). Hona hemen Donostiko Sortuk berak kontatuta, ekitaldia buruzko informazio gehiago. Ekitaldiko hitzartze nagusia Joseba Alvarezena izan zen. Hona hemen osorik:
Eta, ekitaldiaren laburpen bideo bat ere bai:
Alvarezen hitzak:
Eta giro honetan PNVk zer nahi duen argitu beharko luke. Bide galduan ikusten dugu PNV, iniziatiba politikoa eskuratu nahian eta ezinean. Harrokeriaz abiatu zen eta porrot egin du. Denbora errekorrean aurrekontuak aurkeztuko zituela esan, eta denbora errekorrean porrot politiko nagusia lortu du. Gauzak horrela, alde batetik Ortuzarrek EH Bildurekin ere hitz egin behar dela esan zuen. Handik egun gutxira, Urkulluk, estabilitatea bilatzeko PSE eta PPri luzatu die eskua, EH Bildu baztertuz.
Euskal jendarteak ulertzen ez duen jokabide hori justifikatzeko hiru arrazoi nagusi eman ditu Erkorekak. Lehena, proiektu diferenteak ditugula... PNVren eta PSE eta PPren proiektuak berak al dira ba? Bigarrena, euskal gehiengo sindikalak datorren 30erako deitu duen Greba Orokorrarekin bat egin dugula... omen da arrazoia. Ez al dago ba nahiko arrazoirik Greba Orokorra egiteko? Dirudienez, PNVrentzat EH Bilduk Greba Orokorrarekin bat egitea arazoa da akordio batera iristeko, baina PP Estatu espainoleko indar politikorik ustelenak gure herria ukatzea eta ekonomikoki suntsitzen duen politika izatea ez da arazoa, ezta PSEk bere azken Kongresuan Euskal Herrian duen erabakitzeko eskubidea ez onartzearena ere. Bi arrazoi horiek sostenga ezinak direlako, auto eskluitu garela esan du azkenik Erkorekak, gezurretan eta maltzurkeriaz.
Eta, egun hauetan, iritziz aldatu eta Urkulluk dio baietz, EH Bildurekin ere bildu nahi duela eta inolako sukalde lanik gabe bileren deialdiak egiten hasi da modu desesperatuan, indar politiko guztien artean, instituzio nagusien artean... Galduta dabil PNV.
“Batu gaitezen” lema kaleratu zuen kanpainan, baina orain ez daki norekin eta zertarako batu. Guk uste genuen PNVek abertzaleok batu behar ginela esaten zuela, gure herriak behar duen etorkizuna bermatzeko dinamika martxan jartzeko, plano ekonomikoan, sozialean, kulturalean, politikoan... Baina ez dirudi ideiak argi dituenik. Txibertan espainolekin bat egin zuen PNVek, eta geroztik beti egin du berdin. Lehen ETAri leporatzen zion errua. Gaur ETAk jarduera armatuari amaiera eman dionean, berdin egiten jarraitzen du, abertzaleen arteko akordio egiteko beldurrez.
Izan ere, SORTUk uste du abertzaleen arteko adostasuna lortzea ezinbestekoa dela Euskal Herriak aurrera egin dezan, herri moduan erantzun eta nazioartearen aurreran gure herria eraiki dezagun. Gure herriak erabakitzeko eskubidea duela pentsatzen dugunon artean bat egin behar dugula pentsatzen dugu SORTUn, baita gatazka politikoaren irtenbide integrala dela esaten dugunon artean ere. Eskubide guztiak, pertsona guztientzat, Euskal Herri osoan bermatu behar direla pentsatzen dugunon artean bat egin behar dugula pentsatzen dugu SORTUn eta baita eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak euskal herritar guztientzat, eta bereziki langileria eta sektore herritarrentzat, bermatu behar direla pentsatzen dugunon artean. Eta, SORTUren sorrera egunean onartu berri dugun ponentziak halaxe dio, PNVrekin akordio bat erdietsi behar dugula diogu, erraza ez dela aitortu arren. Horretan datza Bildu, Amaiur eta EH Bildurekin eta EH BAIrekin hasitako bidearen zentzua, indarrak batzea, indarrak metatzea, Euskal Herria helburu. Eta horixe da euskal jendarteak nahi duena gainera etaa hori da SORTUK bultzatuko duen bidea.
Gezurra da, beraz, Erkorekak zioen moduan EH Bildu horrelako akordio batetik auto eskluitu dela. Guk akordioa nahi dugu eta akordio hori lortzeko lanean segituko dugu. Besterik da PNVk bide horri berriz ere EZ esan nahi izatea.
Esan dezala argi eta garbi... baina gezurretan aritu gabe eta maltzurkeria alde batera utzita. Azal diezaiotela PNVkoek euskal jendarteari, EH Bildu baztertu ondoren, nola lortuko duen PP eta PSErekin Euskal Herriaren aitortza, erabakitzeko eskubidea, eskubideen zibil eta politikoen bermea, edota bestelako politika sozioekonomikoa, euskal gehiengo sindikala ere baztertuz... EH Bilduk gure herriak behar duen Emergentzia Plana eskaintzen dio PNVri , Hezkuntzan, Osakidetzan, Enpleguan, Etxebizitzan eta Euskaran murrizketarik ekarriko ez duen Emergentzia Plan bat, burujabetzaren bidean...
Telesforo Monzonek esaten zuen moduan, Maltzagaraino elkarrekin joan behar dugu, eta ondoren herriak erabaki dezala. Baina PNVk jakin beharko luke EH Bildu baztertuz eta PP eta PSErekin bateginik ez dagoela Maltzagara joaterik, bide lagun horiekin bakarrik zuzen zuzenean abiadura handian Madrilera doala.