EAJko kidea den Jose Luis Bilbaok Gipuzkoari eta Ezker Abertzaleari buruz gaur egindako adierazpenen aurrean, Gipuzkoako Sortuk zera esan nahi du:
Ondoko herrialdeari eta Euskal Herriko ezkertiarren ereduari begira egon baino, bere herrialdean gertatzen ari denari begiratzen hasteko eskatzen diogu Bilbao jaunari. Zeren eta Bizkaian, EAJren kudeaketa txarraren ondorioz, 100.000 langabetu baino gehiago daude, bere ekonomia ez doa batere ondo eta gainera, sekulako zorrak ditu (BEC, SuperSur...) eta hori gutxi izango balitz, ustelkeri kasuak biderkatzen ari dira. Izan ere, EAJren ereduak ez du balio krisiari aurre egiteko, eredu neoliberal hori delako, hain justu, krisa sortu eta areagotzen ari dena.
Bizkaian bezala, Gipuzkoan ere EAJren kudeaketa txarraren ondorioak sufritzen ari gara. Orain dela bi urte arte, Gipuzkoaren proiektu estrategiko guztiak porlanezkoak ziren eta horrek sekulako zorra utzi du herrialdean. EAJren kudeaketa txarraren ondorioz Bidegik 900 milioietako zorra utzi die gipuzkoarrei, horietako 300 justifikatu gabe. Eta orain dela egun gutxi jakin izan dugu Etorlurren ere EAJk 20 milioietako zuloa utzi duela, erakunde foral hau hilzorian utziz. Eta gogoratu behar dugu ere Zubietako errausketa plantaren eraikuntza behartzeko, hauteskundeak baino egun batzuk lehenago sinatutako produktu finantziero toxikoak. Edo EAJko kideek diru publikoarekin bankariei ordaintzen zizkieten luxuzko bazkariak...
Horixe da EAJren eredua, Bidegi eta Etorlurrena, eraikuntza sektoreko enpresari handien interesak defenditzen dituena. EAJren eredua da abiadura handian inondik inora ez doazen trenen eredua, eta herriaren ekonomia hipotekatzen duena gutxi batzuen etekin ekonomikoen mesedetan.
Aldiz, Sortuk bultzatzen duen makorproiektu bakarra pertsonena da. Herritarren interesak defendatzea da Sortutik sustatzen ari garen kudeaketa ereduaren motibazio bakarra. Horregatik, Gipuzkoan zerga politika justuago bat dago eta horregatik Gipuzkoan tokiko garapen ekonomikoa sustatzea da lehentasunezkoa. Gainera, ingurugiroa zaintzearen aldeko paustu garbia egin dugu, eta horregatik Gipuzkoan gaur egun hondakinen kudeaketaren oinarria birziklatzea da, eta errausketa baztertu dugu. Azken finean, bi ereduen arteko konparazioak ez du zalantza izpirik uzten ea zein ari den herritarren interesak defendatzen eta zein ari den bankarien eta eraikuntza sektorearen enpresari handien interesak zaintzen.