Bart, 23:00ak aldera, ezezagun batzuk edukiontziak erre zituzten Villabonan, alkatearen etxearen parean, arrisku handia sortuz. Honen aurrean, Joxean Agirrek, Sortuko Gipuzkoako koordinadoreak, adierazpen hau publiko egin nahi du:
Lehenik eta behin, Sortuk eraso hau testuinguru zehatz batean kokatzen du: aurreko asteburuan izandako atezatekoaren kontrako galdeketaren porrotaren ondoren Villabonan EAJren inguruko pertsona zehatz batzuek sortu duten tentsio egoeraren baitan gertatu da. Galdeketan izandako parte hartze txikiaren aurrean, eta udalak egin duen kuboen banaketaren arrakasta ikusita (%90a baino gehiago), pertsona zehatz batzuek jauzi kualitatiboa ematea erabaki dute, herriko bizitza tenkatzeko eta desestabilizatzeko.
Izan ere, ostiralean bertan, aipatutako pertsona horietako batzuk kuboen banaketarako egokitua zegoen tokira joan ziren eta, publikoki, alkatearen aurkako mehatxu zuzenak bota zituzten. Baten batek ere alkatearen aurkako hiltzeko mehatxuak bota zituen. Bart gertatutako erasoa, pertsona hauek zenbait eragileen aldetik izandako babesaren ondorioa da. Gogoratu behar da horrelako gertaerak Lezon, Oñatin eta Zizurkilen ikusi ditugula, besteak beste, eta atzean babesle berdinak izan dituztela.
Honen aurrean, Sortuk bere babes osoa adierazi nahi dio Galder Azkue alkateari, eta udal gobernu osoari, herriaren alde eta erantzukizun osoz egindako lanarengatik. Baina EAJk ez du onartu nahi Villabonan gehiengo batek udal hauteskundetan adierazitakoa eta, aurreko asteburuko galdeketaren ondoren, EAJk ez du onartu nahi gehiengo zabal bat atezatekoari aukera bat ematearen alde dagoenik. Guzti horren ondorioa dira Villabonan azkekeko egunetan izandako elkarbizitza desestabilizatzeko saiakera guztiak eta horren ondorioa da atzo gertatutakoa: alkatearen aurkako eraso zuzen bat.
Sortuk ez du horrelako beste erasorik onartuko. Era berean, bizilagunak zoriondu nahi ditugu, erakutsitako lasaitasunagatik eta adierazitako atxikimenduagatik.
Azkenik, Sortuk balorazio politiko bat egin nahi du: Villabonako herriak atezatekoari aukera bat ematearen aldeko jarrera erakutsi du, eta udal gobernuak jarrera horrek eskatzen duen konpromisoa eta erantzukizuna onartu egin du, publikoki, jarrera guztiak kontuan hartuz. Honen aurrean, “Tolosaldea Txukun”en arduradunak diren Patxi Amantegik eta Patxi Agirrek erakutsitako arduragabekeria nabarmendu behar dugu. Bere porrota onartu ez eta muturreko jarrerak dituztenen joera baxuenak astintzen ibili dira azkeneko egunetan. Sorturen iritziz, biak dira atzo gertatutakoaren arduradun zuzenak.
Era berean, EAJri enplazamendu zuzena egin nahi diogu: erantzukizunez jokatzeko eta elkarbizitza apurtu nahi dutenak babesteari uzteko. Bart argi eta garbi geratu zen zein ari den erabiltzen mehatxua, beldurra, behartzea eta erasoa testuinguru honetan. Koldo Mediavillak (EAJ) atzokoan esaten zuen “bi alderdien arteko harremana errespetuan eta elkar-onartzean” oinarritu behar zela. Villabonan gertatutakoa, aldiz, ez dator bat adierazpen horiekin, eta EAJk horrelako presioak bertan behera utzi beharko ditu. Iraganaren errebisio kritikoa Ezker Abertzaleari eskatu baino, EAJk egin behar duena da bere erantzukizuna onartzen hastea, alderdi bezala duen iraganari dagokionean, baita oraindik Euskal Herrian diharduten indarkeri desberdinen inguruan ere.