Egungo egoera sozioekonomikoa benetan da lazgarria. Langabeziak gora egin du nabarmen eta egoera sozioekonomikoaren ondorioak gutxien duenak sufritzen ari da gehien: etxegabetzeak, prestazio sozialen eznahikotasuna, prekarietatea, elikagai-bankuak eta jantoki sozialak gainezka... Gipuzkoan 50.000 lagun baino gehiago dago langabezian eta enplegua edukitzeak ere ez du bizi duina garatzea bermatzen: 10 langiletik 4 pobrezia mailatik behera bizi dira.
Egungo krisia, hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Kapitalak agindu eta Europa zein Madrildik ezartzen diguten ereduak ez du herri honentzat balio. Gure ordua iritsi da, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da, erabaki beharrean gaude: Kapitalaren Europa, Madrilen eta ADEGIren ereduari men egiten jarraitu ala aurre egin eta alternatibak gauzatzen hasi.
Alternatiba badago, baina alternatiba hori elkarrekin eraiki behar dugu, euskal bidean urratsak poliki baina sendo emanez. Alternatibaren bide horri ekiteko funtsezko bi oinarri behar ditugu: borondate politikoa izatea eta alternatiba babesten duen masa kritikoa piztea; eraldaketaren alde borrokatuko duen masa kritikoa. Gipuzkoan badago herritar eta eragile nahikoa alternatiba horren bidean urrats praktikoak emateko eta, dagoeneko, zenbait urrats eman ditugu.
Aipatu testuinguruan eta alternatibaren premia horretan kokatzen dugu Fagor Etxetresnaken inguruan gertatzen ari dena. Fagor Etxetresnakek ixten badu 1.800 kooperatibista lanik gabe geratuko dira gure lurraldean, Edesa eta Grumaleko langileak ere bai. Milaka lanpostuz eta gure herriarentzako alternatiba sozioekonomikoan ezinbestekoa dugun ehun produktiboaz ari gara, berau babesteaz ari gara. Nahikoa dela esaten ari gara.
Herri honi alternatibarik eskaintzen ez dion bide bakarra orain arte jarraitutakoa da eta alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute. Baino Sortutik oso garbi dugu dagoen alternatiba bakarra soberanista dela, ezkertiarra dela eta egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doala. Hel diezaiogun aukera horri, euskal bidean urratsak emanez, haserrea kalera ateraz eta alternatibaren irudikapena burutuko duen eskaintza politikoaren laguntzaz presio sozial zein politikoaren uztarketan indarrak metatzera.
Helburu horrekin, Sortuk bat egiten du LABek biharko enpleguaren alde Donostian deitu duen manifestazioarekin. 17:30etan Boulevardetik.