ALBISTEAK

Eskola publikoan pentsamendu kritikoa sustatu beharrean, Nafarroan arma eta militarren erakustaldiak bultzatzen dira, jolas parke bat bailiran. Datuak eskandalagarriak dira, 2013an Guardia Zibilak 19 ate irekiko jardunaldi ospatu ditu Nafarroa osoko eskoletatik, 24 eskolek bisita egin dute akuartelamenduetara, eta 117 hitzaldi eman dituzte sare publikoko eskoletan.

Bitartean ikasle Abertzaleetako kidegoa jazarri du Guardia Zibilak, ernai gazte antolakundeak hausnarketa bat burutzeko egin nahi dituen topaketak eragotzi du, eta Tafallako bizilaguna den Fernando Sotari kartzela zigorra jarri zaio kartel batzuek itsasteagatik. Jazarriak izan diren denak hala denak, ekinbide politiko argiak dira.

Nabarmena da demokraziaren kontzeptu okerra dutela Nafarroako agintariek. Aspaldi utzi genuen atzean frankismoa, baina batzuek iraganeko sasoiekin amesten dute. Zorionez, gero eta gehiago gara honetaz ohartu garenak, eta erregimenak bere izaera antidemokratikoa gardenki agertzen du egunkarietako portadetan argazki eta guzti.

Nafarroako Erregimena nahieran dabil eskola publikoetan ikaspen militarrak emanez, kuartel berriak bedeinkazio eta guzti irekiz, eta denona den dirua eta ondare artistikoa misteriotsuki desagerraraziz.

Nafarroa desmilitarizatu eta aukera politiko guztiak bideragarri egiteko garaia da. Nafarroan Gobernu delegaria den Alba andereak ikastetxe publikoetan militarren apologia egiteari utzi behar dio, eta jendarte normalizatu batek eskatzen duen polizi dentsitatea eskuratzeko bere agindupean dituen indar polizial eta militarrek Nafarroatik alde egiten hasi behar dute.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.