Fernando Sotari mendekuzko zigor politikoa ezarri dio Concepción Espejil epaileak, euskal presoen eskubideen aldeko kartel batzuek jartzeagatik. Estatuak euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak desagerrarazteko asmoa duela nabaria da. Baina hori ez dute inondik inora lortuko. Mendekuan tematuta dagoen Estatuaren aurrean indarrak biderkatu behar ditugu, dispertsioaren aurka sortu den itsaso zabal hori zabaldu eta kartzela politika honekin amaitzeko.
Urte beteko kartzela zigorra ezarri zioten gertaera hauengatik. Antzeko kasuetan erabiltzen den irizpide juridikoaren arabera (urte bat baino gutxiagoko kondenak diren kasuetan alegia) kondena bertan behera geratzen da, edota isun batez ordeztua izaten da, baina, Espejil epaileak kartzelatze agindua eman du zuzenean.
Erabaki honek agerian utzi du beste behin ere Estatuaren mendeku nahia, azkartatu egin baitu bere politika krudela preso politikoen aurka eta orohar Euskal Herriaren aurka. Bakea eraikitzeko eskaintzarik ez duenez, Estatuak sufrimenduaren espirala azkartu nahi du.
Honegatik guztiagatik, kalera ateratzeko deia egiten dugu eta igandean Fernandori babesa agertzeko Tafallan burutuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Igandean, Maiatzaren 4arekin, Tafallako plazatik 12etan aterako da manifestazioa.