Sortu-k indar biziz salatu nahi du Barañaingo preso politikoa den Luis Goñi Daroca-ko espetxetik Almeriara lekuz aldatu izana. Presoen sakabanaketa eta urruntze politikak aldatu beharreko salbuespen neurriak direla gero eta ahots gehiagok onartzen ari direnean; baita Madrilgo epaile entzutetsu batzuk ere; PPko Gobernuak Luis bere etxetik 1000 kilometroetara dagoen espetxe batera eramatea erabaki du.
Nabarmendu behar dugu ere erabakia gauzatzeko aukeratu duten eguna: bake eta normalizazio prozesuari bultzada berri bat emateko asmoz Jonathan Powell eta Martin McGuiness Euskal Herrira egin duten bisitaren hurrengo eguna hain zuzen ere. Jarrera honekin, PPko Gobernuak berriro erakusten du ez dela gai bakea eraikitzeko apustuari heltzeko; eskubide urraketa zein ukazioa ardatz dituen politikan sakontzea dela bere eskaintza bakarra.
Sortuk, Euskal Herriko eragile zein herritar guztiei dei egiten die salbuespeneko neurri hauen aurka mobilizatzeko. Herritarren indarrak bildu eta kalera ateraz lortuko dugu dispertsioaren harresia eraistea.