Egungo lege aldian Nafarroako Parlamentuak onartutako hamabost bat Lege, bertan behera gelditu dira Espainiar Gobernuak jarritako elegiteen ondoren, Espainiako Epaitegi Konstituzionalak emandako epaiak direla eta, beti ere UPN-ren oniritziarekin. Hori horrela, argi indarraren ekoizpenaren gaineko balioaren zerga arautzen duen Foru Legearen inguruko epaiaren edukia izan da eztabaida sortu duena. Ildo berdinean, 2012an, azalera handiko komertzioaren gaineko zergaren Foru Legearen aurkako epaia atera bazen ere. Azken epai honen inguruko iritzia, ia aho batekoa da, bai aditu zein indar politikoen artean: fiskalitate gaietan, Epaitegi Konstituzionalak, Nafarroari dagokion eskumena ukatzen dio. Eskumen hori, Estatuaren botere pean ezartzen duelarik.
Ezker Abertzalean, parean daukagun arazoaren sustraietara joan nahi badugu, Nafarroa eta Estatuaren arteko harreman esparruaren inguruko hausnarketa sakonago, orokorrago eta politikoago egin behar dela pentsatzen dugu. Epaitegi Konstituzionalaren praktika zanpatzaileak erakusten digu Foru Amejoramendua eta Hitzarmen Ekonomikoa, ez direla izan berdinen arteko hitzarmen bat. Nafar jendarteak begi bistan duena aurkakoa da, hain justu ere, egungo marku politikoan, azken hitza beti Madrilek duela. Nafarroan erabakitako edozein Legeren inguruko eztabaida, nafarron borondate demokratikoa ordezkatzen ez duten erakundeek finikitatzen dutela.
Batzuk, duela 35 urtetik honat esaten ari garena frogatu da orain: Amejoramendua eta Hitzarmen Ekonomikoa ez direla izan bi entitate soberanoren artean egindako ituna, Iruñea eta Madrilgo eliteen arteko hitzarmen lotsagarria baizik, non kanpoan gelditu dena, eten gabe, nafar jendartea izan den. Autogobernu bezala saldu zena, kudeaketarako eremuen banaketa izan zen, kromo banaketa huts bat. Orain ikusi dugu, nafar foruen erregimenaren ama bitxia izan dena, fiskalitatean Nafarroak jatorriz izan duen eskuduntza, PP eta PSOE-k aukeratutako Epaitegi Konstituzionalak ezerezean utzi duela bere interpretazioen arabera.
Ez gaude arazo juridiko edo legearen interpretazio huts baten aurrean, arazo politiko larri baten aurrean baizik. Jokoan dagoena zera da: Nafarroako kontuen inguruan nafarrok eta nafar erakundeek erabakitzen dugun edo Madrilek. Nafarroak, aurrean duen erronka horrela definitu behar dela usten dugu. Madrilen eraso zentralizatzailearen aurrean, ez du balio Foru Erregimenaren defentsa hutsean gelditzeak, are gehiago garaiz kanpokoa eta babesik gabekoa dela argi gelditu denean. Nafarroak behar duen Estatus Politikoaren inguruko benetako eztabaida zabaltzeko garaia iritsi da. Eremu guztietan erabaki propioak hartzeko aukera zabalduko diguten eskumenak izan, eta Estatuarekiko harremanak, Nafarroaren erabakitzeko eskubidean oinarritzea defendatzeko garaia iritsi da.
Erronka hau arrakastatsua izan dadin, kalean zein erakundeetan indarrak batu behar ditugu. Nafarroak erabaki dezala; hori da, gure ustez, indarrak biltzeko ideia nagusia, Madriletik datozkigun erasoen aurrean, modu eraginkorrean defendatzeko.