Asteburu honetan Altsasun burutuko den Ospa Egunari atxikimendua adierazi nahi diogu Sortutik.
Azken urtean hainbat instituzioren partetik, eta bereziki PP eta UPN alderdien partetik, militarren eta gerraren apologia egin da. Aurten honako hauek ikusi ditugu: Amerika 66 erregimentuari omenaldia, guardia zibila eskoletan erakustaldiak eginez, Kondor erregimentuari omenaldia, Fiteron beharrezkoa ez den guardia zibilaren kuartel berri bat egiteko lehen harria jartzen Nafarroako erregimen guztia (bedeinkapen eta guzti), Txirrindula itzuliaren etapa bat gerrako hegazkinak aireratzeko itsasontzi batetik ateratzen...
Espainiar gobernua, PP buru duela, eta Nafar Gobernua UPN buru duela, militarren lana goraipatzen ari da, eta herritarren eskubideak indarrez ezabatu nahian dabil. Honen aurrean zera esan nahi dugu:
1. Euskal Herriak desmilitarizazioa behar du lehen bai lehen.
Gaur egun Nafarroa garaian 1000 biztanleko 5,4 polizia ditugu, hau, guardia zibila, polizi forala eta polizi nazionala batuz gero, eta udaltzaingoa zenbatuz gero 8 /1000 biztanleko.
Europako polizi dentsitatea 3,37koa da, eta jendarte normalizatu batean 2ko dentsitatea gomendatzen da.
Zifra hauek indarrean dagoen Gobernuaren kalitate demokratikoaren adierazgarri dira. Gatazka politiko, sozial eta ekonomikoen adierazle dira. Irtenbide elkarrizketatu baten ordez, gatazka guzti hauek indarra eta errepresioaren bidez estaltzea dute helburu.
Gure ustetan, beste bide bat da egin behar duguna. Jendarteari botere gehiago eman, askatasunean oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko.
Gainera bizi dugun egoera sozioekonomikoan inondik inora ez da lehentasuna gastu militarra, eta poliziala. Nafarroak milioiak gastatzen ditu KUPO bidez, beharrezkoak ez diren hainbat zerbitzutan, batez ere militar eta errege-etxean.
2. Guardia Zibilak gure lurrean betetzen duen helburu bakarra: lege arrotzak inposatzea da.
Zigorgabetasun eta boterearen gehiegikerien erakusle dira, protestak egozteko lanetan ikusi ditugu, eta historikoki tortura salaketa ugari jaso dituzte.
Hemen ez ditugu nahi eta ez ditugu behar. Are gehiago, elkarbizitzarako eta eskubide zibilen bermerako kaltegarri dira. Arazo sortzaile eta gertakizun ilunen protagonista ditugu. Gaur bertan jakin dugu Corellako kuarteleko "jarduteko moduaz".
3. Altsasuko herritarren bidezko aldarrikapen eta dinamikarekin bat egiten dugu.
Estatuak ez ditu bere errepresio aparatuak gogo onez desegingo. Beste hainbat arlotan bezala, herriaren presioak behartuko ditu pausu horiek ematera.
Altsasuko herritarrek Guardia Zibilari ospa egiteko eskatzeko antolatu duten "Ospa eguna" izeneko ekimenarekin bat egiten dugu.