ALBISTEAK

Uztailaren 30ean Madrilgo Entzutegi Nazionalak eman zuen ezagutzera 35/02 auziko epaia. Epai horretan, Juan Kruz Aldasoro eta beste 19 euskal herritar hamabost hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrak jaso zituzten. Aldi berean, ehun bat elkarteren ondasunen bahiketa ere agintzen zuen epaiak. Egun horretan, Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzoetan bezala, Etxarri Aranazko herriko plazan batzarra egin zen epaiaren berri emateko. Gaur jakin dugu batzar horretan epaiaren inguruko azalpenak emateagatik 600 euroko isuna ezarri nahi diola Gobernu Delegaritzak Juan Kruz Aldasoro-ri, "komunikatu gabeko konzentrazio batean parte hartzeagatik".

Erabat bidegabea den isun berri hau Nafarroan eskubide zibil eta politikoen aurka egiten ari den sorgin ehiza lotsagarriaren beste adibide bat gehiago besterik ez da. Azkenaldian, aldaketa politikoaren aldeko giro sozialaren indartzearekin batera areagotzen ari den sorgin ehiza. Herri Mugimendu ezberdinetatik salatu den bezala, azkenengo bi urteetan 300 isun baino gehiago ezarri dira mota guztietako protesta baketsuetan parte hartzeagatik. Hamarnaka mila euroko zigorra pilatzen duten isunak. Horrekin batera, AHTren aurka, Ikurriñaren alde edo Faxismoari aurre egiteko ekimenetan (Erronkari), parte hartu duten herritarrak espetxeratuak izateko arrisku bizian daude. Larunbatean jakin genuen ere preso sozialekiko elkartasuna lantzen duen Salhaketa taldeak antolatu zuen espetxerako bizikleta martxa indarrez eragotzi zuela Polizia Nazionalak.

Gobernu Delegaritzak, PP eta UPNren Gobernuek eskubide ZERO eremua bihurtu dute Nafarroa. Badakite aldaketa politiko eta soziala geldiezina dela eta tresna bakarra dute jendartearen gehiengo berriaren olatuari aurre egiteko: bortizkeria, errepresioa. Alperrik dabiltza ordea, ezberdinen arteko indarrak bilduz Nafarroa berria egunetik egunera eraikitzen ari baita. Deia luzatzen diegu Nafarroako herritarrei eskubide urraketa guztiei tinko erantzuteko eta atsedenik hartu gabe aldaketa politiko eta soziala ekarriko duen bidean sakontzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.