Gaur joan da Auzitegi Nazionalean deklaratzera Joseba Gines Burlatako auzokidea Burlataherria webgunea kudeatzeaz akusatuta.
Burlataherria web gunearen itxiera eta Josebaren inputazioa adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak dira. Gaur Sortutik gure elkartasuna agertu nahi diogu, eta oinarrizko eskubideen aurkako eraso berri hau salatu nahi dugu.
Herrian egindako ekimenen berri emateagatik webgune bat bertan behera uztea frankismo gordineko zentsuraren pareko da. PPren Gobernuak desberdin pentsatzen duen oro jazarri nahi du bere eskura duen salbuespeneko makinaria osoa martxan jarrita. Erabat bidegabea den inputazio berri hau eskubide zibil eta politikoen aurka egiten ari den sorgin ehiza lotsagarriaren beste adibide bat gehiago besterik ez da.
Ez da lehenengoa zerrenda beltzean, hainbat egunkari eta irrati itxi dituzte lehenago ere, eta orain internet bidezko komunikabideen aurkako errepresioa hedatu dute.
Guztiona da informazioa zabaldu eta iritzia emateko eskubidea, eta honen bermea edukitzeko, komunikabideen kontrako erasoekin bukatu behar da. Bide horretan Burlataherria berrirekitzea eta Josebaren absoluzioa da arrazoizko irtenbide bakarra.