Gaur Auzitegi Gorena bilduko da 56 euskal preso politikoren zigorraren luzapenaz erabakitzeko. Europatik datorren araua urratu edo ez, erabaki beharko du.
"Parot dotrina" delakoarekin bezala, ingeniaritza juridikoa erabiliko duen edo ez erabakiko du presoei bidegabeki zigorra luzatzeko. Preso hauek zigorra betea dutela ezin dugu ahaztu. Delitu berdinagatik zigorra bi aldiz betearazi edo ez erabakiko dute gaur.
PPren gobernuaren presioak sortu du egoera hau. PPren gobernua prest dago Europatik datozen arauak, zein Espainiako legedia bera urratzeko euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikari eusteko. Presio horrek ordea, tentsioak sortu ditu judikatura espainiarrean, "Jueces por la Democracia" elkartearen salaketa adibide.
PPren Gobernuak, lehentasunezko helburu du salbuespenezko neurrietan oinarritzen den espetxe politikari eustea. Izan ere, espetxe politika da PPren tresna nagusia Euskal Herriak bakearen bidean aurrera egin ez dezan. Honen adierazle da ETAk borroka armatua amaitutzat jo zuenetik hiru urte baino gehiago igaro direnean, espetxeetako egoerak okerrera egitea. Salbuespenezko egoerak muturrera eraman ditu PPk.
Zigorrak luzatzean "de faktuzko" biziarteko zigorra ezarriz, sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixo direnak preso mantentzea eta jipoitzea... edozein neurri du zilegi PPk. Era berean, presoak zigortzeaz gain, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak.
Esan bezala, espetxe politika kriminala bakearen kontrako tresna moduan erabiltzen du PPk.
Horrela bada, indartu dezagun euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka, presoen eskubideen errespetuaren alde jardutea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea, bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako, eta, bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean.
PPren espetxe politika kriminalarekin amaitzeko indar eta bide guztiak aktibatu behar ditugu: bide judizialarekin jarraitu, aktibazio eta mobilizazio sozialak biderkatu, babes politiko eta konpromiso instituzionalak indartu... Beraz, jakinda mobilizazio soziala ezinbestekoa dela preso eta iheslariak libre izateko, datorren larunbatean EH Bilduk antolatutako, eta arratsaldeko 5'30tan autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu.