ALBISTEAK

Sortuk salatu nahi du Osasuna Futbol Taldeko 18 jarraitzaileen atxiloketa ekarri duen operazio polizial eta judizialaren ingurumarian gauzatzen ari den eskubide urraketa larria.

Atxilotuak izaten ari diren herritarren giza eskubideak urratzen ari dira, eta OSASUNA Futbol Taldea animatzeko helburua duen Indar Gorri Peña kriminalizazioaren ertzeraino eraman dute. Oraindik ekinbide judizialak sekretupean daudenean, oihartzun mediatiko izugarria izaten ari den "epaiketa paralelo" bat egiten ari da atxilotu eta aipatu Peñaren aurka, ondorio larri eta atzeraezinak dituen epaiketa paraleloa hain zuzen ere. Oso akusazio larriak egiten ari dira (talde kriminaleko kide izatea, lesioak eragin dituzten erasoetan parte hartzea...); herritar hauen izen ona kaltetuz eta defentsarako duten eskubidea urratuz. Onartezina da babesgabetasun egoera hau 48 ordu baino gehiago luzatzea; bihar arte atxilo egonen direla agindu baitu Fermin Otamendi epaileak.

Eskubide urraketa hauen ardura nagusia Fermin Otamendi epailearena da. Izar mediatikoa izatea lehenetsi du herritarren eskubideak bermatuko dituen ikerketa zorrotza bideratu beharrean. Bere ekinbidearen helburua herritar hauek deklarazioa hartzea bazen, egin zitekeen hori atxiloketarik gabe eta epaiketa paralelorik gabe.

Atzoko sarekadak lotura zuzena du azkenaldian Sadar futbol zelaian Indar Gorriko jarraitzaileek jasaten ari diren eraso egoerarekin, zeinaren arabera Mozal Legea bera baliatuz, Liga zein Osasunaren zuzendaritzak berak adierazpen askatasunerako aukera oro murrizten ari diren.

Salatu nahi dugu ere sarekada honen atzetik antzematen den bultzada politikoa. Oraindik ez da astebete pasa Izkoren aroaren auditoria jakitera eman zenetik. Izko UPNren morroia zen Osasunan, eta egiaztatu da urteetan BEZaren iruzur handia egin dela UPNk beste alde batera begiratzen zuen bitartean. Atzoko atxiloketak Osasunaren ondarea xahutzeko egon den sare klientelar ustela estaltzeko saiakera bat gehiago da.

Maiatzean Erregimenak hauteskundeak galdu zituen eta aldaketaren aroa ireki zen. Aldaketak alfonbrak altxatzea ekarri behar du, eta bistan da Erregimena sustengatu zuten botereak beraien esku dauden tresna guztiak erabiliko dituztela Nafarroako jendarteak jakin ez dezan Osasuna eta Nafarroako Ogasuna nortzuk xahutu duten.

Sortuk gogor salatu nahi du ere atzo arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean Polizia Nazionalak egin zuen karga. Atxiloketak eta eskubide urraketak gertatzen ari direnean, urraketa horiek salatu eta geldiarazi nahi dituztenak erasotzea guztiz bidegabea da. Utz diezaiola behingoz Alba andereak Nafarroako elkarbizitzan esku hartzeari.

Sortuk atxilotuen berehalako askatasuna eskatzen du, beraien eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurria delako.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.