ALBISTEAK

Langileon borrokaren eguna da maiatzaren lehena. Egun hau ospatzea eta garrantzia ematea ez da nostalgia, argitasun politikoa baizik. Izan ere, langileon borroka funtsezkoa izan da mundua aldatzeko. Pentsa dezagun, une batez sikiera, nolakoa zatekeen mundua langilen borrokarik gabe. Munduan, gaur egun oraindik, milioika langilek esklabutza baldintzetan egiten dute lan, gurean hori ezbada halako terminoetan gertatzen langileon borrokaren fruitua dela oroitu behar dugu.

Munduak, baita gure munduak ere, asko zor dio langile mugimenduari, progreso indarra izan delako.

Osasungintza eta irakaskuntza publikoa badaude, greba egiteko eskubidea badago, sindikatuak antolatzeko aukera badago... horiek denak konkista sozialak dira, langileon borrokaren bidez irabazitakoak. Munduak, baita gure munduak ere, asko zor dio langile mugimenduari, progreso indarra izan delako.

Nafarroan, langile mugimendua izan zen frankismoaren kontrako borrokaren indar nagusia. Horregatik, Gasteizen bezala, indar oroz aritu ziren frankistak eta Franco hil ondotiko erreforma gidatu zutenek langile mugimendua inadrgabetzeko.

Gaur egungo Nafarroa ez da Huarte, Marco, Del Burgo, Aizpun, Taberna eta halakoen ahaleginen fruitua. Horiek denek, banpiroen moduan, herritar eta bereziki langileen izerdiari esker aberastu eta ederki bizi izan dira. Gaur egungo Nafarroa baldintza gogorretan lan eta borrokatu zuten lengileen fruitua da. Gure aberastasun komuna, gure garapen maila, gure ondare publikoak, haiei zor dizkiegu.

Borroka urte gogor eta luzeen ondorioz aldaketa aukera ireki da. Herritarrak, herri mugimenduak, langile mogumenduak aldaketa bultzatu dugu jendartean, aldaketa eraiki dugu, erregimen nafarespañolista neoliberalaren kontra borrokatuz, alternatibak eraikiz, eta borrokak uztartu ditugu asmo komun baten baitan, aldaketa izena duen egitasmoan. Aldaketaren mandatua alderdietara eta instituzioetara iritsi da aldaketaren aldeko bozken bidez, aurretik egindako lana sendotuz.

Orain, aldaketa hori indartu eta bultzatu behar da, gure lanaren fruitua baita. Aldaketak baditu mugak, baditu kontraesanak. Baditu alde argi eta ilunak. Pozaz hartu dugu baina behin baino gehiagotan egoneza eragiten digu. Gutxi iruditzen zaigu batzuetan. Ausardia falta atzematen dugu beste batzuetan. Presioen artean daude, izan ere, aldekataren eragileek, era berezian, aldaketaren gobernuek, Nafarroako Gobernuan zein udaletan. Nabarmena da Diario de Navarra, patronala, sindikatu hori edota Erregimenaren beste eragileen presioa. Argi dago zein den beraien asmoa. Aldaketa eten nahi dute, edo behintzat, mugatu, baldintzatu.

Ez gaude prest menpeko egoera hau ontzat emateko, lan eginen dugu hemengo instituzioek erabakiak hartzeko ahalmen osoa izan dezaten

Aldaketaren bidea oztopatzen duten aldagaien artean; bertako instituzioek duten burujabetza maila mugatua nabarmendu behar dugu. Herri langilearen bizi baldintzak duintzeko Legebiltzarrean onartu diren lege andana indargabetu du Madrilgo Auzitegi Konstituzionalak. TRW, General Electric eta beste hainbat multinazionalek hartu dituzten erabaki suntsitzaileei aurre egiteko erabakimen maila nahikorik ez dute gaur gaurkoz hemengo instituzioek. Lan Harremanetarako esparrua arautu edota Gizarte Segurantza propioa antolatzeko aukerarik ez du ematen indarrean dagoen marko politiko instituzionalak. Ez gaude prest menpeko egoera hau ontzat emateko, lan eginen dugu hemengo instituzioek erabakiak hartzeko ahalmen osoa izan dezaten, bestelako politika ekonomiko eta soziala egin ahal izateko.

Baten batek pentsatuko zuen, agian, aldaketa instituzionala abiatuta bukatu dela mobilizazioen garaia. Suizida litzateke halako jarrera hartzea.

Guk, herritarrok, mugimenduok, eragile eraldatzaileok argi izan behar dugu gure indarra erabakiorra izanen dela aldaketak aurrera egin dezan. Presio atzerakoiei aurre egiteko, ezinbestekoa da herritarren gehiengoaren ahotsa eta indarra mugitzea.

Mobilizaziorako deia egin nahi dugu. Baten batek pentsatuko zuen, agian, aldaketa instituzionala abiatuta bukatu dela mobilizazioen garaia. Suizida litzateke halako jarrera hartzea. Orain da mobilizazioak areagotzeko tenorea, aldaketa bermatzeko eta aldaketaren etsaiei aurre egiteko.

Eta aldaketak alternatibak eraikitzea eskatzen du. Urrutira begiratu behar dugu egunoroko bizitza eta borrokan kapitalismoa gainditzeko, logika neoliberalarekin apurtzeko, biharko mundua gaurdanik eraikitzeko.

Zutik lurrean kondenatu, osa dezagun langile, emakume, herri mugimendu... eta estaturik gabeko herriok XXI mendeko internazionala... Gora maiatzaren lehena!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.