ALBISTEAK

Nafarroan ia 57.000 (56.524) langabetu daude jadanik. Hego Euskal Herriko eskualdetan desenplegu tasa bikoiztu egin da 2.007tik gaur arte eta azpimarratzekoa da Nafarroan, Sakanako eta Erriberako eskualdetan hirukoiztu egin dela. Are gehiago Euskal Herri osoan langabezia gehien pairatzen duten 10 eskualdeetatik 6 nafarrak dira. Gainera gero eta langabe gehiago prestaziorik gabe geratzen ari da.

Honek argi uzten du UPN eta PSNk urteotan ezarri duten ereduaren porrota. Kapitalaren mesedetan gobernatu dute, eta orain diru publikoa zor pribatua ordaintzera bideratzen dute inolako lotsarik gabe.

Are gehiago esan behar dugu, beraien poltsikoak neurrigabe betetzeko iruzurretan ibili dira, ordu erdiko tarteaz bi bilera egin eta 3,000eta 5,000euro kobratuz. Eta orain krisiaren aitzakiaz baliatuz, kapitalismoa neurri gabe indartzera datozen arau eta murrizketa berriak ezartzen dituzte.

Enpleguaren suntsipenean Lan erreforma da erantzule handietako bat. Horren aurrean lan harremanei buruzko eredu propioa da eraiki behar duguna, Madriletik inposatzen diren neurriak itsu-itsuan aplikatu beharrean. Erreformak ez du enplegurik sortu, lanpostu eredua da aldatu duena, aldi baterako bihurtuz. Lan merkatuaren eraldaketa estruktural baten aurrean gaude jendartean prekarietatea zabaltzea ipar bakarra duena.
Eredua da aldatu behar dena, ustelkeria errotik moztu, UPN gobernutik kanporatu eta baliabideak premiazko gauzetara bideratu behar ditugu, eta lehentasunen artean emplegua sustatzea dugu.

Badago aukera egoerari buelta emateko: politika fiskal progresibo eta justuago bat ezarriz, infraestuktura handien berehalako moratoria eginaz, sektore publikoaren aldeko apustu argia eginez, finantza erakunde publiko berri bat abiatuz, ikerketa eta garapenean inbertituz, lana banatuz...

Enplegua sortu behar da ataka honetatik ateratzeko, eta horretarako hainbat neurri har daitezke lana eta ondasuna banatzeko: lanaldia luzatzeari uztea, irabaziak dituzten enpresei langileak kaleratzea eragoztea edota erretiro adina aurreratzea.

Nafarroa emerjentzia egoeran dago eta bada garaia eskuina boteretik kanporatzeko, baina horretarako mobilizazio soziala eta iniziatiba politikoa beharrezkoak dira. Horregatik babesten dugu larunbat honetan enpleguaren alde burutuko den manifestazioa, 17:00etan Atarrabiatik aterako den zutabea, eta 18:00etan autobus geltoki zaharretik aterako dena.

Borrokan dauden milaka enpresetako langileekin batera, enpleguak defendatzera aterako gara larunbatean kalera. Enpresaz enpresa hainbat borroka piztuta daude enplegua mantentzearen alde. Alternatiba bat pizteko kalera atera behar gara, bakoitzaren borroka zehatza aldarrikapen orokor bilakatuz.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.