Sanz, Miranda eta oraindik ere Iruñeako alkate den Mayaren inputazioak argi uzten du nafar jendarteak aspaldidanik eskatzen duen aldarria: aldaketa politiko eta soziala beharrezkoa izateaz gain, premiazkoa ere bada.
Inputazio hauek nafar jendarteak zuen susmoa berresten dute, Foru Hobekuntzaren inguruan eraikitako egitura politikoa ustelkeria sare batean oinarritzen zen, eta Nafarroako azken zokoraino iristen zen bere itzala.
Ez da kasualitatea, Nafarroako Gobernuko ia lehendakari guztiak ustelkeria kasuetan inputatuak egon izana, eta beraiekin batera, Gobernukide izan diren bi alderdi nagusien, UPN-PSNren kontseilari eta ordezkari publikoak.
Egitura politiko-instituzional hau mantendu duen eredua desegiten ari da, eta honela agerian geratzen ari dira gure jendartea egoera kritiko honetara ekarri duten gestio negargarri honen arduradunak. Egoera tamalgarri honetan milakoetan zenbatu behar baititugu jadanik oinarrizko beharrizanak bete gabe dauzkaten biztanleak.
Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroako politikaren birsortze demokratikoa. Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da, nafar jendarteak bozka bidez bere iritzia mahaigaineratzea, goizero gardentasunaz eta arduraz aho bete mintzo zaizkien horiek lapurreta berri bat egin dutela entzuten dute irratian eta horrek sortzen dien amorrua eta betekada plazaratzea beharrezkoa da.
Hauteskundeak deitzea ezinbestezkoa da, gehiengo berriak ekarriko dituen hauteskundeak beharrezkoak dira, jendarteak behar duen eta aldarrikatzen duen birsortze demokratikoa eman dadin.
Ez dago aitzakiarik, lehen urratsa emateko aukera dugu gaur bertan zentsura mozioarekin, Barcina kanporatu eta hauteskundeak deitzeko aukera dugu, herritarrei hitza emateko.
Erantzun bateratu bat emateko deia egiten dugu, hala Parlamentuan nola kalean, herritarren parte-hartzeari bide emateko. Sortutik beharrezko ikusten dugu aldaketa sozial eta politikoaren alde gauden guztion arteko elkarlana eta akordioak erdiestea.