Maiatzak bataren atarian Nafarroako langabezi datu izugarriak egin dira publiko. 58.000 lagun lanik gabe, populazio aktiboaren %19. PP-k Madrildik agindu eta UPN-k Nafarroan gogotsu aplikatzen dituzten neurriek, amildegira garamatzate.
Lan erreformak, osasun, hezkuntza eta asistentzia sozialean murrizketak, sektore publikoaren pribatizazioa, pentsioak eguneratu gabe, jubilazioaren adina atzeratu,...hauek dira martxan jarri dituzten neurri batzuk. Bitartean, langabezi muga historikora iritsi gara, eta neurri hauetatik ateratako diruak bankuan erreskatatzeko erabili dituzte.
Nafarroako sektore publikoan 2.500 lan postu galduta, honek dakarren kalitate galerarekin, "langile txiro" deiturikoen errealitatea, lanean egon arren, kobratzen diren soldata miserableek ez bai dute ematen oinarrizko beharrak asetzeko adina, 16 urtetik beherako 3tik 1 txirotasunean bizitzeko arriskuan eta 24 urtetik beherakoen 2tik 1 lan gabe egoteak argi uzten du, Barcinak eta UPN-PPk aplikatutako neurriek ez dutela emaitza onik eman, jendartearen arazoak konpontzearen bidean aurkako norabidea hartu dute, eta hortik ateratzen dugun ondorioa zera da; krisia giza talde ahulenak ordaintzen ari direla, larrutik gainera.
Hau gutxi balitz, hurrengo 3 urteetan, gutxienez, langabezi tasak ez duela behera eginen abisatzen gaituzte, prestazioak geroz eta gutxiago irauten duten bitartean. Jada Nafarroan 11.000 lagunek ez dute subsidiorik kobratzen.
Egoera larri honi, urtetako borrokaren ondotik lortutako eskubide askoren galera gehitu behar diogu, PP-k Madrildik hartutako neurrien ondotik. Neurri hauek ez dute kontuan hartu Nafarroako errealitatea, are gutxiago jendartearen ongi izatea, baina zuzenean eragiten digute.
Barcinaren sustengatzaile bihurtu den PSN-k azalpenak eman beharko ditu ea zergatik, zensura mozioko plenoan abstenitzean, ez dieten herritarrei hitza emateko aukera eman, hil zorian dagoen UPN-ren gobernua sustengatuz.
Baina langabeziak badu soluzio biderik.
UPN-PP gezurretan ari dira, beste soluziorik ez dagoela diotenean, gezurretan ari dira, egun hartutako neurriak hartu besterik ez dagoela eta pazientziaz, hurrengo 4 edo 5 urtetan, aterako diren zurtoin berderi zain egotea besterik ez dela gelditzen diotenean. PP eta UPN-k gobernatzen jarraitzen uzten badiegu, gehiengoa txirotasunean eta eskubiderik gabe bizitzera kondenatzen ari gara, gutxi batzuk aberastasuna bereganatuz. Ezin dugu geldi egon, are gehiago badakigunean UPNko buruzagiak gure aurrezki eta zergak beraiek aberasteko erabili dituztela. Sistema kapitalistaren irentsi beharrak probokatu duen krisiak erakusten digu, kapitalak ez duela amore emanen urteetan borrokaz lortutako eskubideak kendu arte. SORTUko kongresuan esan genuen eta berriz diogu: "ez da kapitalari hortzak erakusteko garaia, hozka egiteko garaia baizik".
Langabeziaren aurrean ez dago mirakulurik baina konpobidean jartzeko neurriak bai. Konponbidearen elementu bat zera da, kalean eta instituzioetan nahiko indar biltzea beste politika sozial eta ekonomikoak martxan jartzera behartzeko. Lan postuen sorrera, politika ekonomikoaren lehendabiziko lehentasuna izan behar da, eta ez defizit tasa betetzea edo krisia probokatu duten, lukurreroekin hartutako ustezko konpromesuak betetzea. Jendarteak dituen errekurtso guztiak mobilizatu behar dira lan postuen sorrera helburu izanda. Nafarroan, murrizketekin amaituz gero, tokiko ekonomia eta ekonomia sozialaren aldeko apustua eginda, lana banatuz, aurrejubilazioak mantenduz eta ordu estrekin bukatuz, milaka lanpostu sortuko lirateke epe motzean.
Lan postuen alde errekurtsoak mobilizatzea, gastu publikoaren lehentasunak errebisatzea eskatzen du, lan postuen sorrerara bideratuz orain sistema finantzierora bideratzen den dirua. Enpleguaren alde, orain arte uki ezinak diruditen partidetatik ere atera daiteke: "Autovía del Camino" deritzon estalitako peajetatik, AHT, bankuen erreskaterako erabilitako diruaren parte proportzionala, Madrili ordaintzen diogun Cupoa... Bigarrenez, politika fiskalean eman behar den aldaketa dago, Nafarroako aberats eta kapitalaren errentek Europako beste herrietako proportzioetan ordain dezaten. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzeak denbora eramanen du baina gaurdanik hasi daiteke bide horretan.
Gaur, inoiz baino gehiago mobilizazioa, klase elkartasuna, antolaketa eta borroka ezinbestekoak dira jendarte justu eta bidezkoa lortzeko. Gaur inoiz baino gehiago, ezkerreko ikuspegitik, ezberdinen arteko akordioak ezinbesteko dira. SORTU Nafarroan aldaketa eragitearekin konprometitua dago, eta aldaketa horren alde dauden norbanako, indar politiko, sindikal eta sozialekin lanerako prest.
Datorren asteazkenean, langileriaren nazio arteko egunean, eskualde guztietan deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi dugu, gure eskubideen defentsan eta aldaketa sozialean urratsak emate bidean.