ALBISTEAK

Bost gazte nafar beraien ideia politikoak defendatzeagatik kartzelatuak izateko arriskuan daude. Duela aste batzuek Donostian eraikitako herri harresi sendoaren lekuko izan ginen, hainbat gazteren atxiloketa salatu, babesa eman eta elkartasuna agertzeko eraiki zena. Bestetik, agerian geratu zen, PPren estrategia errepresibo eta inboluzionista eta beste hainbat eragilek horren aurrean izandako jarrera isila.

Biolentzia espiral hau, bereziki gazteen kontra tematu dena, baina Madrileko aginduetara makurtzen ez diren pertsona ororen aurka zabaldu dena, ezingo dugu gelditu jazarritako inputatuekin elkartasun sare zabal bat eraikitzeko gai ez badagara, eta ez badugu sendotasunez salatzen biolentziaren erabilera polizial edota judizial hau, gaur egun Nafarroan gutxiengoan dauden ideien inposatzea bideratzeko helburuarekin aplikatzen dena.

Euskal Herrian pausu sendo eta esanguratsuak eman dira batzuen eskutik, eta honek biolentziarik gabeko agertoki bati bere ekarpena egin dio, hain zuzen proiektu politiko guztiak demokratikoki lehiatzeko aukera izan dezaten. Baina Estatuak berdin mantentzen du bere tresneria errepresiboa, bake bidean abiatu den normalizazio demokratikorako prozesua zangotrabatu eta geldiarazi nahian.

Horrela bada, ez du hetsi ilegalizazioaren mamuarekin mehatxu egiten, web orriak isteko aginduak ematen, epaiketa politikoekin jarraitzen, dispertsioa mantentzen familiakoei zigor erantsia jarriz, larriki gaixo dauden presoak preso mantenduz, bere jarduera politikoagatik jendea epaituz eta kartzelatuz, grebatako pikete informatiboak kriminalizatuz, manifestazio eta elkarretaratzeak legez kanpo utziz politika bera indarrez baldintzatzeko... Beraien ahultasun politikoa, eta instituzioetan eta jendartean duten presentzia eskasa bide errepresiboetatik moldatu nahi dute.

Oraingo honetan, Luis, Xabier, Aritz, Mikel eta Maider dira espetxeratze arriskuan aurkitzen direnak. Azpimarratu behar da, atxilotuak izan zirenean, inkomunikazio aldian tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zutela, eta hala ere akusazioaren froga bakarrak egun horietan indarrez ateratako deklarazioak direla. Baina hau ez da kasu isolatu bat, salbuespen egoera batean eta "dena ETA da" estrategian oinarritutako lege antiterroristaren ondorioz irekitako hainbat prozesu judizialetako beste bat baino ez da.

Nazioarteko eraile ugarik etengabe salatutako politika eredua da Madriletik inposatu nahi dutena, oinarrizko eskubideak urratzen dituena: adierazpen askatasuna, askatasun ideologikoa edo pentsaerarena, parte hartze politikorako askatasuna, eta noski torturaren erabilera bera, orain gutxi Amnistia Internazional erakundeak salatu duena.

Honegatik guztiagatik dei egiten dugu Eleak mugimenduak biharko (maiatzak 11, larunbata) deitu duen mobilizazioan parte hartzera, arratsaldeko 18:00etan epaitegietatik abiatuko dena, eta honela eraiki dezagun injustizia guzti hauei bidea moztuko dien herri harresia.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.