Maiatzaren 18an gure herrietako plazak betetzeko deialdia egi digute. Kartzela politikan PPren Gobernuaren itxikeria gainditzeko deialdi berri bat da. Inork ez du zalantzan jartzen egoera aldatu denik, parte batek urrats esanguratsuak eman dituela bakea eta normalizazioa luze baino lehen erdiesteko, baina batzuek bakeranzko bidea egitearen alde agertu badira, beste batzuek kontrako jarreran tematzen dira.
Dispertsioa mantentzen dute preso eta senideen kontrako zigor gehigarri gisa (bi istripu izan dira azken hilabetean) eta mendeku bezala. Larriki gaixo dauden presoak kartzelan mantentzen dituzte fisikoki desgastea eragin eta itzulerarik gabeko bidea egin dezaten, hala gertatu da orain gutxi Xabier Lopez Peña eta Anjel Figueroarekin, gaixotasun larrien ondorioz hil direnak, eta hala ere gatibu mantendu dituztenak. Erabateko askatasuna ukatzen diete ezarritako kondena beteta dutenei 197/06 doktrina aplikatuz, oinarrizko eskubideak urratzen dituen doktrina injustua. Eta baldintzapeko askatasuna ukatzen diete berau eskuratzeko irizpideak betetzen dituzten 144 presori. Azken finean, prozesuan parte hartuz eta ekarpenak egitea galarazi nahi diete, bere parte izanik ere.
Egunez egun, presoen isolamendu familiar eta soziala bilatzen dute, etengabe oztopoak jarriz komunikazioetan, ikasketetarako sarrera galarazi edota zailduz, publikazioetarako bideak itxiz, herri adierazpen politiko edota kultural desberdinekin harremanak mantentzea ukatuz...
Eta zer esan kartzeletan jasotzen dituzten eraso zuzenen inguruan: jipoiak, isolamendua, inkomunikazioa, presoei edota beraien zeldetan egindako erregistro bortitzak.
Hau dena gutxi balitz, errepresio bideak mantentzen dituzte, beren jarduera politiko hutsagatik pertsonak atxilotu eta kartzelatuz. "Dena ETA da" leloaren babespean ezarritako salbuespen neurrien ondorioz irekitako epaiketak mantentzen dituzte, nazioarteko giza-eskubideen aldeko erakundeen kriterio eta kritikei muzin eginez.
Praktika guzti hauek, dela egun indarrean dagoen kartzela politika, nola salbuespeneko neurriak edota jarduera politikoarengatik egiten diren atxiloketa eta espetxeratzeak, bukatu egin behar dute, eta hau soilik gertatuko da PP-k bere begiekin ikusten duenean, estrategia bortitz honek euskal jendartearen borondatearen aurka talka egiten duela, euskal jendarteak konponbidea bilatzen duela eta ez errepresioa edota eskubide urraketa.
Honenbestez, ezinbestekoa da kalera ateratzea, plazak betetzea eta SORTU maiatzaren 15ean 11:30ean Nafarroako Parlamentu aurrean egongo da egoera hau salatzeko. Eta Maiatzaren 18an Euskal Herriko plaza guztiak betetzen laguntzen.