Ohar honen bidez sortuk bere atxikimendua agertu nahi du, bihar Txantrean euskal eskola publikoaren alde burutuko den jaiarekin
LOMCE legea onartu berri duten honetan, berebiziko garrantzia hartzen du zentralizatzailea, pribatizatzailea eta baztertzailea den lege honen aurrean, euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzen jarraitzeak.
LOMCEk batetik, euskara eta euskal curriculuma zuzenean erasotzen ditu, baita ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea, bestetik hezkuntza pribatizatzeko urratsak egiten ditu eta ikasleak sailkatu eta baztertzeko filtro eta sailkapen ugari ezartzen ditu. Nafarroan ongi dakigu euskara hirugarren mailako hizkuntza izateak zer esan nahi duen: ofizialtasun eza, euskaraz ezin ikasia, hizkuntza eskubideen urraketa eta atzerriko hizkuntzei bertakoari baino lehentasun gehiago ematea.
Honegatik guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza komunitate osoa eta euskal herritarrak batu eta datozen eraso berriei erantzuteaz gain, euskal Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean lan egitea.
Bihar, parada ezin hobea dugu Txantrean Euskal Eskola Publikoaren alde egiteko, eta beraz, hezkuntza sistema propio baten aldarriarekin bat egiten dugunon topaleku izango da bihar Txantrea. Zabal dezagun aldarrikapena lau haizetara!
11:30ean Txantreako pistinetan egingo den Sortzen-Ikasbatuazen Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpen ekitaldian parte hartuko dugu.