Atzo jakin genuen epaileak CANeko dieten auzia Supremoari bidali diola Barzinaren inputazioa valora dezan. Barcinak, egoerari ihes egin nahian, bere karguari eusten dio nolanahi, sektore ekonomiko eta sozialen aurrean ikuskizun tamalgarria eskainiz.
UPN eta Barcina Nafar Gobernuan mantentzea sostenga ezina da. Beraien borondatez doazela edo bestela Gobernutik bota behar dira ahalik eta azkarren.
Barcina eta bere Gobernuaren dimisioa eskatzeko arrazoiak sobera daude. Barcina eta UPN-k Gobernuaren arduradun bezala, aurrera eraman duten politika orokorrean, eta CAN-en auzian izandako paperak konkretuki, gehiengo sozial, politiko eta instituzionalaren gaitzezpen ukaezina jaso dute. Barcinak eta CAN-eko arduradun politiko guztiek, epaitegian eman beharko dituzte azalpenak, baina eremu politikoan, nafar jendartearen epaia argia eta borobila da: beraien karguak utzi eta dimititu egin behar dute, berehala hauteskundeak deituz, modu demokratikoan hautatutako Parlamentu berri batek, erabaki dezan, zein izan behar den egin behar den politikaren norabidea.
Barcinak eta UPN-k dimisioari uko egiten badiote, nafar jendarteari dagokigu presioa eta mobilizazioa areagotuz, gobernutik botatzea. Eta noski, indar politikooi dagokigu, ahalik eta epe motzenean, Gobernuak dimititu eta hauteskundeak deitzeko formularik egokiena bilatzea.
Barcina eta Gobernuaren dimisioa beharrezkoa da Nafarroan aldaketa politikoa emateko, baina ez nahikoa.
Ezin dugu ahaztu, Barcina eta bere lan taldeak, UPN-ko azken kongresuan, justuan bada ere, gehiengoaren babesa izan zutela. Barcina eta UPN-ko zuzendaritza dira beraz, erabat agortuta eta deslegitimatuta dagoen politika egiteko modu ustel eta ankerraren erantzuleak.
Mila moduz esan dugu. Nafarroan ustelkeria ezin da mugatu pertsona edo sigla jakin batzuetara. Foru Hobekuntzatik ateratako errejimen bera da deslejitimatua eta erroetaraino uztelduta dagoena. Eredu hau, ez demokratikoa, baztertzailea, oinarrizko eskubideen ukatzailea eta nafar jendarteari oinarrizko gaietan erabakitzen uzten ez diona da. Erregimena da aldatu behar duguna: uztelkeria ezabatu eta jendartea oinarrizko eskubideen jabe izateko.
Aldaketarako garaia heldu da jada, gakoa herri mobilizazioan eta alternatiba anitz bat osatzean datza. Errejimenaren oinarriak pitzatu eta haize berria ekarriko duen aldaketa, gobernu aldaketa batetik harat, edukietan oinarraituta: gardentasuna, demokratizazioa justizia soziala, oinarrizko eskubideen ezarpena eta nafar gizarteak erabakitzeko eskubidea berreskuratuz.
Bide horretan, biharko Kontuz-ek deitutako herri mobilizazioarekin bat egiten dugu.