ALBISTEAK

Sanferminetan ikurrinaren inguruan gertatutakoak, mundu osoaren aurrean agerian utzi du, Nafarroan eta Euskal Herrian gabezi demokratiko ikaragarria bizi dugula.

UPN eta Maya alkatea buru duten, sektore nafar-espainolisten jarrera itsuak politikaren kontzepzio aurre-demokratikoari erantzuten dio. Ez dute ulertzen errealitatea beraiek nahi duten Nafarroa kontserbadore, espainol eta antieuskaldunaren oso bestelakoa dela. Nafar jendarteak bere tokian jartzen ditu ordea noizean behin errealitatea parez pare jarriz, irudimena, espontaneotasuna eta auto-antolakuntza herritarraren bidez, eta horrek bere onetik ateratzen ditu, kolpeak eta irainak erabiltzea besterik ez zaielarik bururatzen.

 

Ez dute onartu nahi, nafarrak garela ikurrina eta Nafarroako ikurra geure askatasun eta nazio ikur gisa aldarrikatzen ditugunak; eta gure nazioa eskubideen egikaritzetik eraiki nahi dugula, hiritarren atxikimendu demokratikoaren bidez. Duela urte bete ere entzungor egin zuten, nafar jendarteak bere memoria historikoa aldarrikatu zuenean, milaka pertsonek argi utzi zuten Nafarroaren espainiartasunaren jatorria ez dagoela anexio aske batean, baizik eta konkista militar odoltsu batean.

UPNk eta bere lobbyak herritarren hitza eta erabakiari beldur diote. Gustatzen ez zaiena debekatu eta beraien ikuspegia inposatzeko obsesioa dute gehiengoen gainetik, eta honek zera islatzen du: beraien proiektu politikoaren porrota eta egungo ahulezia politikoa. Trago latza izan behar da UPNrentzat, bandera espainola hainbat udaletan ezartzeko Tribunal espainiarren bidez inhabilitazioaren mehatxura jo beharra, eta bitartean jendarteak normaltasun osoz ikustea ikurriña udaletan ezartzea, edota atsegin izatea debekuen eta polizi harresien gainetik Iruñeko udal plazan ezartzea mundu osoa zeharkatu duen irudia eskainiz.

Sortutik uste dugu heldu dela garaia Nafarroa demokratizatzeko urratsak emateko. Horretarako beharrezkoa da eskubideak eta askatasunak urratzen dituzten lege antidemokratikoak bertan behera uztea, Nafarroako Sinboloen Legea alboratu behar da, eta ikurren inguruan beraien herritarren nahia jarraitu besterik egin ez duten alkateen eta udalen aurkako jazarpena gelditu egin behar da.

Era berean jendarteari dei egiten diogu geure eskubideen eta askatasunen alde mobilizatzen jarraitzeko, besteak beste, herritarren hitza errespetatu dadin Udalean jarri beharreko banderen inguruan.

Ustelkeria egungo eredu politikoan errotua dago, alternatiba eraiki behar dugu.

Bestalde, UPN eta PP alderdiak eskaintzen ari diren ustelkeriaren ikuskizun lotsagarriari buruz hausnarketa txiki bat burutu nahi dugu.

Atzo jakin genuen Estatuko fiskalak ez duela Barcina ikertzerik nahi. Fiskalak Gobernuaren nahiei erantzuten die, eta beraz, ez da harritzekoa PPren ordenak jarraituz, Narvaez fiskalak delitu zantzurik ez ikustea existitzen ez zen organo batera joateagatik dirua kobratu eta inolako erabakirik ez hartzeagatik.

Diario de Navarrak ere toki zabala eskaini zion albisteari, eta honek irakurketa bakarra du: Diario de Navarrak, bere editorialak CAN-etik era irregularrean eta kontrolik gabe jasotako milioien afera estali nahi du.
Zirku mediatikoa aktibatu dute beraien pribilegio posizioa mantentzeko, kapitalarentzako gobernatuz, eroskeria onartuz eta diru publikoa xahutuz.

Denok genekien Nafarroako eta Espainiako eskuinak kasua Madrilera eraman nahi zuela. PPk botere judizialaren gainean duen kontrolak eta fiskaltzaren gain duen autoritateak konfiantza ematen dio Barcinari eta CAN xahutu dutenei, Madrilen fabore tratua jasoko dutelakoan. UPN izan baita Estatuaren aginduak Nafarroan bete dituena, eta morroitza lan hori ez da debaldekoa.
Aforatu izateak beste batzuek ez duten pribilejioaz gozatzea dakar, eta hori erabiltzen du Barcinak inputaziotik babesteko, izan ere, Nafarroan epaituko balute aspaldi legoke inputaturik.

UPN-k eta PSOE-k Madrilen duten jarrera sinesgaitza da: azalpenak eskatzen dizkiote PP-ri, eta bitartean Nafarroan CAN-i buruzko ikerketa batzordea behin eta berriz ukatzen dute.

PSOE-ren zentsura mozio mehatxuak ere ez du zilegitasunik, Madrilen zentsura mozioa aurkezten du aurrera ateratzeko inolako aukerarik gabe, eta Nafarroan eskuina boterean mantentzearen erantzule nagusi da, nafar jendartearen aldaketa nahia zapuztuz.

Baina Nafarroan ez dute jada inor engainatzen. Badakigu ustelkeria egungo eredu politiko-instituzionalean errotuta dagoela. Horregatik da hain beharrezkoa klase politiko honen aurrean, eredu ekonomiko, politiko eta instituzional honen aurrean, alternatiba eraikitzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.