ALBISTEAK

Espainiako barne ministroa arduratuta dago Nafarroako Parlamentuko oposizioaren artean dauden harremanekin eta lortzen ari diren akordioekin. Benetan arduratzen dute, oposizioak azken aldian jendartearen eskubide eta askatasunak defendatzeko egindako akordioek, bere alderdiak inposatutako murrizketen aurka egindakoak hain zuzen.

Fernandez ministroak, bere kultura demokratiko ezak eraginda, alderdi politikoek eztabaidatu eta akordioak erdiesteko duten eskubidea ukatzen du.

Ministroak nafar politikagintzari meatxu bidez egiten dion erasoak, argi uzten du bere aldarte demokratikoa zein den eta eskuin españolistak Nafarroako aldaketari dion beldurra.

Parlamentuan eskuratutako gehiengoak legitimoak izateaz gain, beharrezkoak ere badira UPN-PPren politikak geldiarazi eta jendarteak eskatzen duen aldaketa lortzeko. Horregatik, ministroak ez bezala, nafar jendarteak txalotu egiten du alderdiek egiten duten akordioetarako ahalegina.

Hobe luke errepresioaren ministroak, bere alderdiko ustelkeria ikertuko balu, bere gainsoldatatik hasita. Jar dezala PPko neurgailua martxan, izan ere aspaldi pasa zuen PPk duintasunaren muga.

Utzi bakean nafarrak, ez etorri Madriletik zer egin behar dugun esanez, are gutxiago ustelkeriagatik ikertuak zareten honetan. Nafarrok badakigu zer den nahi duguna eta egitera goaz. Justizia soziala eta erabakitze eskubidearen errespetua ekarriko duen aldaketa bat nahi dugu: geure ekonomia, kultura, hezkuntza, osasunbidea nolakoa izatea nahi dugun erabakitzeko eskubidea.

Eta lortuko dugu. Uneko ministroaren aldartea dena delakoa izanik ere.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.