ALBISTEAK

Lourdes Goikoetxea sailburuaren dimisioa eskatzen dugu INASA auzian izandako jarreragatik.

- Orain arte ikusitakoa gutxi balitz, uda honetan UPNren gobernuak Nafarroaren ekonomia sustatzeko eta etorkizun burujabe eta oparoa izateko azken hanka sartzea egin du INASAren desmantelamenduari bide emanez.

- Nabarmen gelditu da, langileriaren interesen alde, enpleguaen alde zer egiteko prest dauden Nafar Gobernua eta, gai honetan ardura zuzena duen, Lourdes Goikoetxea anderea: ezer ere ez. Egungo sistema esplotatzaile eta espekulatzaileari alternatibak zabaltzen zaizkionean, aukera berri horiek zapuzteko asmoa besterik ez dute orain arte erakutsi. Oso ondo dakite gainera Sakanan.

Langileen borrokari esker aterabide baterako aukera erreala piztu zen INASAn:

  • Sortutik INASAko langileek eta herritarrek egindako borroka eta erakutsi duten duintasuna txalotu nahi dugu. Langileen borrokari esker, aterabide baterako aukera erreala ireki baitzen, desmantelamendua ekidi-ezina zela esaten zutenen kontra, sindikatu batzuk barne. Enpresak lehenago zuen aktibitate berdina egiteko eta 100 lanpostu baino gehiago ziurtatzeko aukera erreala zabaldu zen langileen eta herritarren borrokari esker.
  • Aukera hori gauzatzeko, makinaria INASAtik ezin zen atera, inbertsore berriak aktibitate berdina mantentzeko ezinbesteko baldintza bai zen.
  • Baina Santiago Gonzalez eta BAIKAP enpresak, espekulazioari eutsi diote, eta erruz saiatu dira bere esku zeuden trikimailu guztiak erabiltzen: epailearen udako oporrak eta guardia zibila, indarrez makinaria INASAtik ateratzeko...
  • Horrez gain, Nafar Gobernuaren utzikeria izan da azken erantzulea: errekurtsoa sartzeko azken epea pasa zaiela? Nola daiteke hori? Nafarroaren etorkizuna kudeatzeko aroa da pasa zaiena. Nola liteke 100 lanpostu baino gehiago suntsitu ta "sentitzen dut" batekin gaia itxi nahi izatea? Zer gertatu behar da herri honetan politikari "porfesional" hauek beraien hanka sartze eta utzikeria onartu, eta ondorioz beraien ardurak uzteko?
  • UPNren gobernua da desmantelatu behar dena, Nafarroa ondamendira eramaten ari baitira.
  • Sortutik Lourdes Goikoetxea sailburuaren dimisioa eskatzen dugu INASAko desmantelamentuan izan duen erantzukizunagatik.
  • PP eta UPN-k gobernatzen jarraitzen uzten badiegu, gehiengoa txirotasunean eta eskubiderik gabe bizitzera kondenatzen ari gara, gutxi batzuk aberastasuna bereganatuz. Ezin dugu geldi egon, are gehiago badakigunean UPNko buruzagiak gure aurrezki eta zergak beraiek aberasteko erabili dituztela. Sistema kapitalistaren irentsi beharrak probokatu duen krisiak erakusten digu, kapitalak ez duela amore emanen urteetan borrokaz lortutako eskubideak kendu arte. SORTUko kongresuan esan genuen eta berriz diogu: "ez da kapitalari hortzak erakusteko garaia, hozka egiteko garaia baizik".

Langabeziaren aurrean badago neurriak hartzerik.

  • Langabeziaren aurrean ez dago mirakulurik baina konpobidean jartzeko neurriak bai. Konponbidearen elementu bat zera da, kalean eta instituzioetan nahiko indar biltzea beste politika sozial eta ekonomikoak martxan jartzera behartzeko. Lan postuen sorrera, politika ekonomikoaren lehendabiziko lehentasuna izan behar da, eta ez defizit tasa betetzea edo krisia probokatu duten, lukurreroekin hartutako ustezko konpromesuak betetzea. Jendarteak dituen errekurtso guztiak mobilizatu behar dira lan postuen sorrera helburu izanda.
  • Nafarroan, murrizketekin amaituz gero, tokiko ekonomia eta ekonomia sozialaren aldeko apustua eginda, lana banatuz, aurrejubilazioak mantenduz eta ordu estrekin bukatuz, milaka lanpostu sortuko lirateke epe motzean.
  • Lan postuen alde errekurtsoak mobilizatzea, gastu publikoaren lehentasunak errebisatzea eskatzen du, lan postuen sorrerara bideratuz orain sistema finantzierora bideratzen den dirua. Enpleguaren alde, orain arte uki ezinak diruditen partidetatik ere atera daiteke: "Autovía del Camino" deritzon estalitako peajetatik, AHT, Nafarroako kanaletik, bankuen erreskaterako erabilitako diruaren parte proportzionala, Madrili ordaintzen diogun Cupoa... Bigarrenez, politika fiskalean eman behar den aldaketa dago, Nafarroako aberats eta kapitalaren errentek Europako beste herrietako proportzioetan ordain dezaten. Beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzeak denbora eramanen du baina gaurdanik hasi daiteke bide horretan.
  • Gaur, inoiz baino gehiago mobilizazioa, klase elkartasuna, antolaketa eta borroka ezinbestekoak dira jendarte justu eta bidezkoa lortzeko. Gaur inoiz baino gehiago, ezkerreko ikuspegitik, ezberdinen arteko akordioak ezinbesteko dira. SORTU Nafarroan aldaketa eragitearekin konprometitua dago, eta aldaketa horren alde dauden norbanako, indar politiko, sindikal eta sozialekin lanerako prest.
  • Sakana bezalako eskualde zigortu batek bere alternatiba eraikitze lanetan dihardu buru belarri, aurtengo urtea bertarako plan estrategiko batekin bukatuko dute. Plan estrategiko hau, modu parte hartzailean egiten ari da gainera, pertsona, eragile, sindikatu, udaletxe eta enpresadunen parte hartzearekin. Parte hartu ez duen bakarra Nafar Gobernua izan da, eskatu zaizkion laguntzak ukatuz. Datorren urteko aurrekontuetan eskualdetarako garapenari begirako partida bat egotea, adibidez, ezinbestekoa litzake gure lurraldearen garapenaren oinarriak diren eskualdeak, beraien ekinbidean aurrera jarrai ahal izateko.
  • Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da langilegoa eta herritarrak alternatibak irekitzeko lana eta borrokari heltzea, eskualdez eskualde, bertatik bertarako eta herritarron interesak babestuz, eraiki behar dugu etorkizuna, non pertsonok izan behar dugun oinarri eta ez interes ekonomiko pribatuak. Sortun konbentzituta gaude, galtzen den borroka bakarra egiten ez dena dela.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.