ALBISTEAK

"Leitza Nafarroa da, Nafarroa Espainia da, eta Guardia Zibilak Leitzan segituko du, batzuei gustatu ala ez". Atzo Leitzan Espainiako barne ministrariaren ahotik entzun genituen hitz hoiek argi eta garbi adierazten dute Espainia eta Espainiar Estatuko erakunderik entzutetsuenetakoa omen den Guardia Zibilaren izaera ez demokratikoa. Fernández Díaz jaunak atzo esandakoak 1936ko udaberri ziraragarri hartan Emilio Mola Generalak aireratu zituen mezuen kiratsa darie: "Hitzegitea? Inoiz ez!! Guda honen amaierak Espainiaren arerioen hondamena ekarri behar du"; "Izua zabaldu behar da....erabateko nagusitasuna erakutsi behar da gu bezala pentsatzen ez duten guztiak miramendurik gabe akabatuz".

Espainiak izaera existentziala duen krisia bizi duen honetan, Nazioarteko Batzorde Olinpikoa bezalako erakundeak direnean Espainiari munduan dagokion tokia zein den erakusten diotenean; Espainia markaren bultzatzaileak babesgabe ikusten dutenen aurka oldartzen dira, "barne etsaia"ren aurka hain zuzen ere. Jakin bezate bada Espainia markaren bultzatzaile horiek mehatxu militarren aroan atzean geratu dela. Jakin bezate demokrazia eremu berriak irabazten ari dela; eta erabakitzeko eskubidea etorkizunari ateak irekitzeko tresna gisa nagusitzen ari dela. Hobe lukete Espainiako agintariek beraien ikuspegietan eguneratzea modernitaterantz abiatuko den azkeneko trena ez badute pasatzen utzi nahi.

Zeren, Fernández Díaz jauna, Leitza, Nafarroa eta Euskal Herria bere herritarrak izan nahi dutena izanen dira; eta Guardia Zibilak men egin beharko dio tokian toki demokratikoki eratua dagoen botereak agintzen dionari. Ez pentsa atzo Leitzan gertatu zena demokratikoki normala eta logikoa denik. Atzo Leitzan Guardia Zibila eta zu zeu Leitzako herriaren borondatearen gainetik eta Nafarroako Legebiltzarraren erabakiaren gainetik pasa zineten. Baina etorkizunean ezingo duzue horrela jokatu. Atzo indar armatua zenutelako inposatu zenituzten zuen erabakiak, baina jakin ezazue arrazoia eta zilegitasun demokratikoa ez dagoela zuekin, Leitza eta Nafarroa osoko herriarekin baizik. Eta etorkizuna, Leitzan, Nafarroan eta Euskal Herri osoan herritarren borondate demokratikoaren arabera idatziko da.

Hamar egunen buruan, Guardia Zibilak, Carmen Alba Gobernu Delegatuaren eskutik, bi indar erakustaldi eskaini dizkigu, Altsasun eta Leitzan. Espainiaren ahultasun politikoa ageri agerian utziaz. Jaso dugu mezua, Alba anderea. Baina entzun zeuk ere jendarteak dioena. Konturatuko zara ordezkatzen duzun Estatuak jarraitzaile gutxiago dituela Nafarroan duela hamar egun baino. Inork ez duelako ulertzen nola den posible horrelako dirutza xahutzea indar erakustaldi huts eta antzu batean.

Sortutik deialdi ozen bat egin nahi dugu Guardia Zibila eta Gobernu Delegaritzaren harrokeriari mobilizazio zibil eta indartsuen bidez erantzutera. Datorren larunbatean, irailaren 21ean eguerdiko 12ean hasita Iruñean eginen den Jende Katean parte hartzeko deia egiten dugu. Jende kate honek Gobernu Delegaritza eta Galizia Etorbidean Guardia Zibilak duen komandantzia lotuko ditu. Leloa argi bezain zorrotza izanen da: "UTZI BAKEAN NAFARROA. KONPONBIDE DEMOKRATIKOA ORAIN".

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.