Gobernadore zibilak aro aurre-demokratikokoak direla ez du inork zalantzan jartzen. Politikagintzan aritzeko zilegitasunik ez dutela nabarmena da, nahieran hautatuak izaten baitira uneko Gobernuarengandik, instituzio eta erabaki demokratiko orotatik at. Frankismotik datorren ikurra izaki, ezbaian jarria dagoen figura dela argi dago. Baina Espainiako Gobernuan dagoen alderdiak, demokratikoki nahiko babes jasotzen ez duenean, bere irizpidea inposatzeko figura hori erabiltzea onartezina da.
Nola da posible, figura frankista hori erabiltzea Parlamentuak demokratikoki hartutako erabakiak geldi arazteko?
UPN eta PP gutxiengoan egoteak ekartzen dizkien zailtasunak gainditzeko, figura hau erabiltzea eskandalua da eta ustezko eskubide-estatuaren oinarrien aurkakoa.
Hainbat izan dira azken aldian, Gobernu delegaritzak salatu eta Estatuak errekurritutako erabakiak, horien artean honako hauek:
- 14. paga ordaintzeko legea: Legea 2012ko Abenduan onartu zen Parlamentuan 14. ordainsaria kentzeak zekarren galera konpentsatzeko helburuarekin. UPN-k aldiz Estatuak inposatutako murrizketa aplikatu zuen. 22 udalek bete zuten Parlamentuak onartutako legea, baina ez Gobernu Foralak, BONen argitaratzea atzeratu baitzuen urtarrilaren 3rarte, ordainketa ezinduz. Udalen jarduera babestu asmoz, eta Foru Gobernuak ordainketa egin zezan, lege berri bat onartu zuen orduan parlamentuak, non ordainketarako epea luzatu egiten zuen abuztuaren 31 arte. Baina UPN-k berriz ere ordaintzeari uko egin zion, maila gorenagoko beste arau bat zegoela argudiatuz, zeinak bere aburuz Nafarroako legea bertan behera uzten zuen. Afera orain Konstituzionalaren eskuetan dago.
- Sendagaien berordainketa, edo kopagoa. Parlamentuak 2013ko urriaren 11n onartu zuen, pentsionistek eta 65 urtetik gorakoek sendagaiak ez ordaintzea arautzen zuen legea, Estatuak ezarri zuen sendagaien berordainketarako legeak esaten zuenaren aurka. Lege hau ere errekurrituta dago.
- Osasungintzaren unibertsaltasunaren legea: 2013ko Otsailaren 25ean Parlamentuak lege berri hau onartu zuen, non Nafarroan bizi diren pertsona orori osasungintza publikoan doako osasun arreta unibertsala eskaintzea arautzen zen. Etorkinei eskubide osoz behar duten osasun arreta eskainiz. Lege hau ere Estatuak errekurritu egin du.
Demokratikoki erabakitako legeak errekurritzeaz gain, Gobernu delegariak Guardia Zibila erabiltzen du bere esana egitera indarrez behartzeko. Instituzio demokratikoek baliatutako arrazoiaren indarraren aurrean, Alba delegariak indarra erabiltzen du.
Hainbat dira kasu honetan ere adibideak, PP edo UPNren gustokoak ez diren egoeren aurrean indar armatuak erabiltzen ditu Gobernu Delegariak:
- INASAren itxiera. Beren lanpostuaren defentsan ari diren langileen aurka indarra erabiltzea eguneroko ogia da, baina INASAren kasuan muga guztiak gaindituditu, izan ere enpresa irekita mantentzeko aukera erreala zegoen. Itxiera Guardia Zibilaren babesarekin egin zen, espekulatzaileak babestuz zonaldeko lanpostuen defentsan ari zirenen eta Parlamentuaren iritziaren aurka.
- Maxurrenea eraikina Joxé Perurenak donatu zion Leitzako Amazabal fundazioari, eta honek era berean, Nafarroako Gobernuari. Donazioak baldintza bakarra zuen, eraikina erabilera kultural edota hezitzaileetara bideratzea. Bada, Nafar Gobernuak Guardia zibilari eskaini zion, donazio egilearen, Leitzako herriaren eta Parlamentuaren gehiengoaren aurka. Beno PSNk atzo bertan aldatu zuen bere bozka afera honetan, beste 10 urtez eraikina Guardia zibilari eskainiz. Gogora ekar dezakegu gainera benemeritakoak hainbat liskarren sorburu izan direla Leitzan, besteak beste kuartelaren aurkako eraso faltsu bat egin zuen beraietako batek.
- Ikurren kasuan ere, hainbat izan dira guardia zibilak indarrez inposatu dituenak, udaletako plenoetan demokratikoki hartutako erabakien aurka inposatuz. Indarraren bidez eta inhabilitazioarekin meatxu eginez herriak nahi dituen ikurrak jartzea galarazi eta beraiena inposatzen dute.
- Altsasun izan dugu txapelokerren azken andantzetako bat, 48 orduz herria militarki okupatu zuten, herritarrek guardia zibilak oxpa egin dezala aldarrikatzeko antolatutako festa giroko mobilizazioak galaraziz. Hemen ere herritarrak nazkatuta daude txapelokerren jarduera oztopatzaile eta presentzia itogarriarekin.
- Azkenik isunen erabilera salatu behar dugu, adierazpen askatasuna etengabe urratzen baitute nahieran, mobilizazio baketsuak egiteagatik edozein eratako isunak jarriz. Eskubide politikoen inboluzioa nabarmena da erakunde militar hau tartean dagoen bakoitzean.
Ezin da onartu Gobernu Delegaritza etengabe Nafarron erabakitze eskubidearen aurka oldartzea. Onartezina da kupoaren bidez lapurtzen diguten dirua, adierazpen askatasunaren eskubidearen eta bere instituzioek hartzen dituzten erabakien aurka erabiltzea.
Sobera daude bi instituzio horiek Nafarroan. Sobera daude Nafarroan, Gobernu delegaritza eta Guardia Zibila. Bi instituzio hauek frogatzen duten bakarra zera da, Nafarroak okupatuta jarraitzen duela eta bere eskubideak urratuta. Bada garaia Nafarroa desmilitarizatzen hasteko. Bada garaia konponbideari bide emateko eta horretarako beharrezkoa da Estatuak bere diskurtso "kuarteleroa" alboratu eta urratsak egiten hasteko.
Nafarroak behar duena da bere buruaren jabe izatea, horerla soilik, kanpo injerentziarik gabe soilik lortuko du krisitik ateratzea, eta horrela soilik izango du posible nafar jendarteak eskatzen duen aldaketaren bidean urratsak ematea. Izan ere, Estatua baita aldaketarako oztoporik handiena, egunez egun gero eta argiago uzten digu.
Honegatik guztiagatik, dei egiten dugu irailaren 21ean kontzentrazio bat burutzera, Merindades plazan dagoen Gobernu Delegaritzaren aurrean, irailaren 21ean eguerdiko 12etan.