Sunsundegiko langile zen Javi Paniaguak bere buruaz beste egin zuen herenegun, lehenik eta behin doluminak agertu nahi dizkiogu bere sendiari eta lagunei, eta baita LAB sindikatuko bere kideei ere.
Sortutik irmoki salatu nahi dugu langile honen heriotza, eta muturreko egoera hori probokatu duen eskuineko politika ankerra.
Erreforma laboral berriaren babespean, langileei eskubide oro kentzen ari dira enpresariak, EREak, langile finkoen kaleratzeak ondoren zabor-kontratazio merkeagoak egiteko, protesta egiten dutenen aurkako jazarpen sindikala... Eskuinaren politikak ondorio larriak ekarri ditu, egunez egun etxe-kaleratzeak, langabeak eta inolako prestaziorik jasotzen ez dutenak areagotuz doaz, eta egoera ekonomiko eta sozial larri honek langileria pobreziara kondenatzen du.
Ez da gai isolatu bat, hurrenez hurren ezarri dituzten erreforma laboralek langileen kaleratzea erraztu besterik ez dute egin. Kapitalaren erreformek langileria miseria gorrira daramate, murrizketek babes soziala kentzen dute eta azkenean pertsonak mugara eramaten ditu jendarte kapitalista basati honek.
Honegatik guztiagatik, patronala eta eskuinaren politika basatia salatu nahi dugu. UPN-PPren politikak ondamendira garamatza, eta premia bizikoa da Nafarroan aldaketari ateak irekitzea. Eskuinaren politika neoliberalak hil egiten du, UPN da Nafarroako Gobernutik kanporatu behar duguna, lehenbailehen gainera.
Bukatzeko gure babesa agertu nahi dugu, LAB sindikatuak deitutako protesta ekimenetara: gaur arratsaldeko 19:30ean Altsasun burutuko den Manifestazioan parte hartzera. Eta bihar, ostirala CENen aurrean 12etan burutuko den kontzentraziora.