Nafarroa da bere hizkuntzaren aurka legislatzen duen herrialde bakarra munduan. Euskara legeak Nafarroa hiru zonaldetan banatzen du: euskalduna, mistoa eta ez euskalduna eta hizkuntz eskubideak urratzen ditu lurraldearen arabera. Lege hau da euskararen normalizaziorako oztoporik handiena eta lehen bai lehen lege berri bat egin behar da.
Euskararen etorkizuna bermatzeko beste akuilu garrantzitsua hezkuntza da. Gaur egun ezarrita dauden hizkuntz ereduek ez dute balio belaunaldi berriak euskalduntzeko, eta helburu hori bermatuko duen murgiltze linguistikorako hezkuntza eredua da behar duguna.
Gainera, D ereduan bertan ere (gaur egun euskalduntzen duen bakarra), hezkuntza ziklo desberdinetan euskara ez dago bermatua, hala nola 0-3 zikloan, lanbide heziketan edota unibertsitatean dagoen euskarazko eskaintza oso urria da. Honi, aurrez aipatu dugun zonifikazioaren legea gehitzen badiogu, Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea etengabe urratzen dela argi dago.
Gainera euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiek oztopo ugarirekin egiten dute topo: zonalde ez-euskaldunean ez dago euskarazko eskaintzarik hezkuntza publikoan, eta ikastolek bermatzen dute eskubide hori. Baina ikastolen lana zailtasunez betea dago, bereziki zonalde ez-euskaldunean bestelako oztopo erantsiekin egiten dute topo, adibidez, ikastolara joateko garraiorako laguntzarik ez baitute izaten.
Horregatik, euskarak lege berri bat behar du merezi duen estatusa emango diona: ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatuko duena. Baina lege berri bat onartzeak ez du Nafarroan hizkuntz normalizazioa bere horretan ekarriko, horrez gain, herritarren bultzada ere behar du euskarak, eskubideak aitortzeaz gain, egikaritzeko bidean jartzeko.
Horregatik, sortutik dei egiten dugu igande honetan Tuteran ospatuko den Nafarroa Oinezen parte hartzera, eta Argia Ikastolari beraien lanean laguntzera Erriberako gazteek euskara ezagutu eta erabili dezaten.