Gaur arratsaldean Jorge Fernandez Diaz Ministroa Fiterora joango da Guardia Zibilaren Kuartel berri bat egiteko hitzarmena sinatzera. Honen aurrean Sortutik zera esan nahi dugu:
1. Guardia Zibilak gure lurrean betetzen duen helburu bakarra lege arrotzak inposatzea da eta, gainera, inpunitatea eta boterearen gehiegikerien erakusle dira. Azken aldian langile protestak egozteko lanetan ikusi ditugu, eta historikoki tortura salaketa ugari jaso dituzte. Horregatik, hemen ez ditugu nahi eta ez ditugu behar. Are gehiago, elkarbizitzarako eta eskubide zibilen bermerako kaltegarri dira. Arazo sortzaile eta gertakizun ilunen protagonista ditugu.
2. Euskal Herriak desmilitarizazioa behar du lehen bait lehen. Gaur egun Nafarroa garaian 1000 biztanleko 5,4 polizia ditugu, hau, guardia zibila, polizia forala eta polizia nazionala batuz gero, eta udaltzaingoa zenbatuz gero 8 /1000 biztanleko. Europako polizia dentsitatea 3,37koa da, eta jendarte normalizatu batean 2ko dentsitatea gomendatzen da.
Zifra hauek indarrean dagoen Gobernuaren kalitate demokratikoaren adierazgarri dira. Gatazka politiko, sozial eta ekonomikoen adierazle dira. Irtenbide elkarrizketatu baten ordez, gatazka guzti hauek indarra eta errepresioaren bidez estaltzea dute helburu.
Gure ustetan, beste bide bat da egin behar duguna. Jendarteari botere gehiago eman, askatasunean oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko. Estatuak ez ditu bere errepresio aparatuak gogo onez desegingo. Beste hainbat arlotan bezala, herriaren presioak behartuko ditu pausu horiek ematera.
3. Gaur egungo egoera ekonomikoan kuartel berri bat eraikitzea ez da inolako lehentasuna. Zerbitzu publikoetan etengabeko murrizketak egiten ari diren bitartean: zerbitzu sozialak, osasungintza, hezkuntza… Kuartela lehenestea ez da zilegi. Nafarroak milioiak gastatzen ditu KUPO bidez, beharrezkoak ez diren hainbat zerbitzutan, batez ere militar eta errege-etxean.
Bukatzeko Nafarroako indar politiko guztiak gonbidatu nahi ditugu, polizia eredu berri bati buruz hausnartzera.