Azkenaldion urduritasun handia antzematen zaio erregimenari. Ulertzekoa da, haien garaia agortzen ari delako. Horretan arrazoi osoa dute, UPN edota UPN/PSNren garaia bukatzen ari da. Zorionez.
Aldaketa dator Nafarroa Garaira eta aldaketa horren parte bat izango garela konbentzituta gaude. EHBilduren parte garen heinean, aldaketa horren bultzatzaileak eta parte aktiboa izango gara. Horretan ere arrazoi osoa dute.
Halere, jakin badakigu denetarik egiteko prest direla. Egin zuten 36an, egin zuten 78an trantsizioaren une konplexuenetan, eta egingo dute, egiten ari dira orain ere. Hain zuzen ere, Nafarroa Garaian aldaketa haizea dabilenean eta Espainiar Estatuan bigarren trantsizio baten atarian gaudenean. Kasualitaterik ez dago, "estatu arrazoia" nagusitzen da berriro ere, eta martxan jartzen ari dira eskura dituzten baliabide guztiak boterea mantendu ahal izateko. Erregimena mantentzeko.
D de Navarrak hasitako toxikazio kanpainatik hasita eta Salvador diputatuaren erokeriak entzuteraino. Baina bereziki Barcina eta UPNren deklarazioei helduko diegu. Jakin badakigu esker abertzalearen desagerpenarekin amets egiten duzuela, badakigu balore errepublikarrak, euskararen eta Nafarroaren identitatea desagertzearekin amets egiten duzuela.
Guzti hori jakin badakigu, 70 urte daramatzazuelako zeregin horretan, eta ulertzekoa da zuen dezepzioa. Denetarik, eta "denetarik" esaten dugunean zerrenda luzea dugu: bide bazterrak hilotzez bete, hamarkadetako isiltasunaren legea ezarri, nafar-euskal identitatea gorrotoz eraso, komunikabideen monopolioa probestu, zerrenda beltzak, irakasleak deportatu, beste batzuk erbestera joatera behartu, OPUSi Nafarroako hezkuntza sistema oparitu,... ondoren, Nafarroako gizartea kontsultatu gabe aldaketa politiko-instituzional formalak egin, errepresio bortitz etengabea erabili, zatiketa soziala bultzatu, borrokaz lortutako askatasun demokratikoak desagerrarazteko urratsak eman, ilegalizazioak, tortura, indar parapolizialen erabilpena... Guzti hori eta gehiago izan duzue eskuetan, guzti hori erabili duzue, eta halere errealitate tenkorrarekin egiten duzue topo. Nafarroako gizartearen askatasun eta berdintasunaren aldeko grinak bizirik dirau eta ozenki esaten dizue aldaketa garaia dela. Beraz, ez da harritzekoa oraingoan urduri xamar egotea. Ezta ere, berriro ere, errepresio bortitzenari bidea prestatzen ibiltzea.
Barcina anderea, nafar euskaldunok ez gara inondik etorri eta ez gara inondik etorriko. Nafar abertzaleak hemengoak gara, nafar euskaldunok hemen gaude menderen mende, hemen bizi gara, hemen lan egiten dugu, herri hau maite dugu, nafarrak gara buruz eta bihotzez, eta zuzen ala oker, baina herri honen etorkizun hobeago baten alde lan eta borroka egiten dugu. Nafar euskaldunok ez diogu inori baimena eskatu, ez eskatuko, hemengo bizitza sozialaren parte izateko, hemengo hiritarrak garelako.
Nafarroan azentu, sentsibilitate baita identitate anitzak daude: Erriberakoa, Mendialdekoa, Iruñekoa, Pirineotakoak... Guk denak errespetatzen ditugu, denen parte garelako. Guk Nafarroa errespetatu eta maite dugu, eta bere berezitasun guztiekin maite dugu. Ez dugu inolaz ere inon integratu nahi, ez eta inposaketarik onartu nahi. Guk askoz sinpleago eta demokratikoagoa den zerbait nahi dugu. Nafarroako gizarteak erabaki dezala norekin eta nola bizi nahi duen, erabaki horrek inongo muga eta inposaketarik gabekoa izanik.
Barcina anderea eta UPN alderdia, guk ez dugu nahi Nafarroa hondoratzea, hori dagoeneko zuek egiten ari zarete, zuek birrindu duzue CAN, zuen kudeaketaren ondorioz 50.000 lagun langabezian daude, zuei esker Unibertsitate publiko hankamotz bat dugu, zuei esker Ikerketa+Garapena+Berrikuntza gutxi batzuen eskuetan geratu da, zuei esker gutxieneko eskubideak ametsa baino ez dira bilakatzen ari gizarte honetako zati handi batentzat, zuei esker, Nafarroaren eskumenak zapalduak izaten ari dira egunez egun, zuei esker korrupzioa izurrite bailitzan hedatu da Nafarroa osora...
Zuek hondoratu duzue Nafarroa maila handi batean, eta ez dizuegu sarraski hori bukatzen utziko. Horretan ahaleginduko gara behintzat, zorroztasunez eta eskuzabalez aldi berean.
Lasaitu zaitezte beraz, eta ezin baduzue, gutxienez utzi Nafarroako gizarteari era natural eta lasai batez aldaketa hori bizitzen. Ez bilatu enfrentamendurik, gatazka edo eta zatiketa sozialik. Ez eta gurekiko enfrentamendurik ere. Oso lanpetuak gaude Nafarroako aldaketa sozial eta politikoa bultzatzen, Nafarroako sektore eta eragile aurrerakoiekin alternatiba sendoa eraikitzen, eta Nafarroako gizartearentzako etorkizun hobeago, alaiago, itxaropentsuago eta libreagoa prestatzen.