Gaur Garazi Urrestarazu Altsasuko alkateak eta herritar batek, inputatu gisa deklaratuko dute gaur, Ospa Eguna dela-eta. Iragan abuztuaren 31n Altsasun ospatu zuten Ospa Egunaren harira, "Segurtasun indarrak iraintzea" egotzita.
Honen aurrean Sortutik zera esan nahi dugu:
1. Guardia Zibilak gure lurrean betetzen duen helburu bakarra: lege arrotzak inposatzea da.
Zigorgabetasun eta boterearen gehiegikerien erakusle.
Azken aldian langile protestak egozteko lanetan ikusi ditugu, eta historikoki tortura salaketa ugari jaso dituzte.
Hemen ez ditugu nahi eta ez ditugu behar. Are gehiago, elkarbizitzarako eta eskubide zibilen bermerako kaltegarri dira. Arazo sortzaile eta gertakizun ilunen protagonista ditugu.
2. Euskal Herriak desmilitarizazioa behar du lehen bai lehen.
Gaur egun Nafarroa garaian 1000 biztanleko 5,4 polizia ditugu, hau, guardia zibila, polizi forala eta polizi nazionala batuz gero, eta udaltzaingoa zenbatuz gero 8 /1000 biztanleko.
Europako polizi dentsitatea 3,37koa da, eta jendarte normalizatu batean 2ko dentsitatea gomendatzen da.
Zifra hauek indarrean dagoen Gobernuaren kalitate demokratikoaren adierazgarri dira. Gatazka politiko, sozial eta ekonomikoen adierazle dira. Irtenbide elkarrizketatu baten ordez, gatazka guzti hauek indarra eta errepresioaren bidez estaltzea dute helburu.
Gure ustetan, beste bide bat da egin behar duguna. Jendarteari botere gehiago eman, askatasunean oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko.
Estatuak ez ditu bere errepresio aparatuak gogo onez desegingo. Beste hainbat arlotan bezala, herriaren presioak behartuko ditu pausu horiek ematera.
Gainera bizi dugun egoera sozioekonomikoan inondik inora ez da lehentasuna gastu militarra, eta poliziala. Nafarroak milioiak gastatzen ditu KUPO bidez, beharrezkoak ez diren hainbat zerbitzutan, batez ere militar eta errege-etxean.
3. Altsasuko herritarren bidezko aldarrikapen eta dinamikaren kriminalizazioa salatu nahi dugu.
Altsasuko herritarrek Guardia Zibilari ospa egiteko eskatzea ez da delitua, ez antzerki bidez aldarrikapena burutzen duenean, ez bestelako ekimen herritarren bidez egiten dutenean.
Altsasuko alkatetza eta udalari dagokionean argi utzi behar da udala bere zeregin administratiboak betetzera mugatu dela, herritarrei toki emanez, eta ekimen herritarra izan dela Ospa egunarena.
Gure babes osoa agertzen diogu Garazi Urrestarazu alkateari eta Altsasuko herritarrei.
Azkenik, Nafarroako indar politiko guztiak gonbidatu nahi ditugu, polizi eredu berri bati buruz hausnartzera. Are gehiago aste honetan bertan, segurtasun indar pribatuei poliziaren eskumenak eman zaizkienean, hainbat indar politikoren babesarekin, eta "Hiritargoaren segurtasuna" aitzakia hartuta, poliziari zigorgabetasun gehiago emango dion araudi berri bat ezarri nahi denean. Gure aburuz, eztabaida sakona da egin beharrekoa, inposizio berriak ezarri beharrean.
Bukatzeko, dei egiten dugu gaur arratsaldean Altsasun burutuko den kontzentrazioan parte hartzeko: arratsaldeko 18.30ean elkarretaratzea deitu du Ospa mugimenduak, Altsasuko udaletxe aurrean, «adierazpen askatasunaren aurkako eraso berri hau» arbuiatzeko.