ALBISTEAK

Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak handitu egin dira 2013an. Pobrezia emakumezkoa da: lan erreformak kaleratzeak baimendu ditu eta lan baldintzak okerragotu; bestalde, erretiro adina igo izanak erretiro-pentsioa hartzea zailtzen du, lanaldi partzialetan ibili diren emakumeentzako jada nahikoa zaila ez bazen.

Lana izateak ez ditu gutxieneko bizi baldintza duinak ziurtatzen: lanak gero eta prekarioagoak dira, eta emakumezkoei eskaintzen zaizkigunak gehienetan partzialak, aldi baterakoak eta ezegonkorrak izaten dira, gizonezkoek baino soldata txikiagoarekin. Hori dena beltzean egiten duguna aipatu gabe.

 Aste honetan bertan irakurri dugu Estatu mailan emakume eta gizonen arteko soldata desberdintasun handiena Nafarroan gertatzen dela. Lotsatzeko moduko marka berri bat, UPN-ren gestio txarraren eta berdintasun politika hutsalen erakusgarri.

Hau dena gutxi balitz, PPk UPNrekin batera inposatu nahi duten abortuaren erreforma berriak, emakumeok eskubide osoko pertsona gisa baliogabetu nahi gaitu, dekretuz biktima izendatuz eta geure gorputzei eta bizitzei buruz erabakitzeko ez-gai izendatuz. Eskubide sexual eta erreproduktiboak desagertu egiten dira, eta bitartean, bide ematen diete sektore ultra-katolikoen mehatxu eta irainei.

Emakumeon eskubideak gainbehera datoz, desberdintasunak handitu egin dira eta 1985era itzularazi nahi gaituzte. Ez dugu onartuko. Martxoaren 8 honetan kalean egongo gara jazarpen guzti hauek salatu eta dagozkigun eskubide guztiak aldarrikatzeko. Azkenik Nafarroako Sortutik mugimendu Feministak egindako deialdiari erantzunez, dei egiten dugu larunbata honetan, martxoak 8an, Gaztelu Plazatik 12etan aterako den manifestazioan parte hartzera, uste dugulako borroka feminista dela egoera hau gainditzeko tresna bakarra.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.