Salatu nahi dugu gure lurraldea gerrak prestatzeko saioetarako erabiltzea
Gaur Bardeetan egiten ari diren maniobra militarrak salatzera, eta lurraldean pairatzen dugun okupazio militarraren bukaera eskatzera etorri gara Tuterara.
Data hauetan indar handiagoarekin egiten badira ere, urte osoan zehar errepikatzen diren maniobrak izaten ditugu. Zarata handiak pairatzera behartzen gaituzte, Erriberako herrien gainetik hegan egiten dute, honek dakarren arriskuarekin eta ezin dugu ahaztu maniobra hauek duten kostea. Gizartearen zati handi baten egoera ekonomikoa gero eta okerragoa dela ikusten ari garen bitartean, maniobra hauetan milioiak gastatzen dituzte.
Are gehiago, larrialdi egoeran dauden hainbat familia nafarrei diru laguntzak ukatzen zaizkien bitartean, atzo, Pedro Morenés Defentsa ministroak aho zabalik utzi gintuen ariketa militar hauek "beste gastu sozial bat direla" esan zuenean, jende errugabea hiltzen duten gerrak prestatzeko ariketak direla jakinda. Baina ez hori bakarrik, "segurtasunik gabe arrakastarik ez dagoela", "honen finantziazioa benetan urria dela" eta ondorioz, "eraginkortasun ekonomikoko jardute bat suposatzen duela" bezalako perlak bota zituen. Hori bai, galdetu arren ere ez zuen ariketa hauek suposatzen duten gastuaren xehetasunik eman.
Adierazpen lotsagarriak izan ziren, egoera larrian bizi direnekiko sentiberatasun-eza agerian utzi zuen ministroak. Ez dakigu beraz, zenbateko kostua suposatzen duten ariketa hauek, baina dena delakoa izanik ere, gehiegizkoa da jendarteari egiten dioten ekarpen hutsalagatik. F18 hegazkin bakar batek balio duenarekin (1.000 eta 1.600 milioi euro) Nafarroako langabetu guztiek soldata duin bat izango lukete hilero bi urtetan zehar.
Gudaren Ministro jauna, jendarteari inolako garapenik, onurarik, askatasunik eta ongizaterik ekartzen ez diona zera da, herriak bonbardatzea pertsona errugabeak erailez kapitalaren mesederako interes ekonomikoei erantzunez. Gizateriari ez die inolako ekarpenik egiten ejertzitoak mantentzeak eta armen fabrikazio eta komertzioak.
Aste honetan, 28 urte bete dira Nafarroako gizarteak erreferendumaren bitartez OTANen parte hartzeari uko egin ziola, eta hala ere herriaren borondatearen gainetik okupazio militarra inposatzen segitzen dute.
Herri honek ez du hemen prestatzen diren gerren konplizea izan nahi, interes ekonomiko hutsak bilatzen dituzten eta kapitalaren zerbitzura mundu osoan zehar milaka hildako eragiten duten gerrak.
60 urte baino gehiago pasa ondoren, Bardena berreskuratu nahi dugu, 2.000 hektareako tiro poligonoa duen parke naturala. Honegatik guztiagatik, Espainiar Gobernuari eta hau bezain arduraduna den Nafarroako Gobernuari nafar gizartearen borondatearen gainetik ez jarduteko eta tiro poligonoa desmilitarizatu eta itxi dezaten exijitzen diegu.