Sortuk, Palestinar Presoen Aldeko Aliantza Europarraren lehen batzarrean parte hartu du Berlinen eta ongi etorria eman nahi dio Palestinar indarren artean adostu den azken akordioari.
Asteburu honetan, Berlinen, Jon Andoni Lekue, Sortuko ordezkariak, Palestinar Presoen aldeko Aliantza Europarraren lehen batzarrean parte hartu du. Alemaniarako Palestinar enbaxadoreak, PAE (PLO) ko Diasporako Ministeritzako buruak eta Europa osoko hainbat elkarte palestinarren kideek hartu dute parte batzarrean eta palestinar presoek bizi duten egoera latza salatu da.
Ordezkaritza palestinarraz gain, Suediako VP, Alemaniako Die Linke, Estatu Espainiarreko IUko diputatuek zein Bulgaria, Ingalaterra, Txekiar Errepublika eta Alemaniako hainbat elkartasun taldetako kideek hartu dute parte.
Aurrera begira, palestinar presoen auzia instituzioetara, nazioarteko epaitegietara eta Europako komunikabidera bideratzea adostu da.
Sorturen ordezkariak, bere hitzartzean, Palestinar herriari eta bere presoei elkartasuna adierazteaz gain, sortu berri den Palestinar Presoen aldeko Aliantza Europarraren barruan aktiboki lan egiteko konpromisoa hartu du. Horrez gain, euskal presoek bizi duten egoeraren berri eman eta berauek dituzten eskaera nagusiak aipatu ditu.
Lekuek, hitzartzean, ongi etorria eman dio PAE (PLO) eta Hamas-ek lorturiko akordioari. Akordio honen bidez nazio batasuneko gobernua osatuko da PNAn eta sei hilabeteko epean hauteskundeak antolatuko dira Gaza eta Zisjordanian. Akordio honekin segida ematen zaie 2012ko El Cairo eta Dohako elkarrizketa eta akordioei, oinarrian palestinar presoen elkarrizketa eta akordioak dituzte.
Sorturen ustez, akordio eta dinamika bateratu hauek berriro ere herri palestinarra jartzen dute askapen prozesuaren oinarri eta ardatz, soilik batasun nazionalaren bidetik baita posible zapalduriko herriok aurrera egitea, historiak erakusten duen moduan.
Israeleko gobernuak emaniko bortxazko erantzunak akordioaren zuzentasuna berretsi besterik ez du egiten, zapaltzaileek beldur gehien zapaldutako herritarren batasunari diote eta. Badugu guztiok zer ikasi.
Zailtasun guztien gainetik batasun horretan eta horretatik jardutera animatu nahi ditu Sortuk gure anai eta arreba palestinarrak. Zentzu horretan,eta nazio palestinarraren askapen prozesuan barne, palestinar presoen aldeko lanak bere biziko garrantzia du eta Sortuk horretan buru belarri jarduteko bere erabakia berresten du.