Sorturen Nazioarteko Harremanen arduraduna den Gorka Elejabarrietak, eta Europarako ordezkaria den Igor Zulaikak, joan den apirilaren 29an, Euskal prozesuaren inguruan Britainiar Parlamentuan ospaturiko bilera pribatu batean parte hartu dute.
Bileraren buru, George Howarth, parlamentari laborista eta Irlandaren iparralderako ministro ohia izan zen. Bileraren antolakuntzan APPGCI taldearen babesa izan zuen.
Talde ezberdinetako parlamentariak, gatazkaren konponbidean adituak eta unibertsitateko irakasleek ere parte hartu zuten eztabaidan.
Bileran, Sortuko ordezkariek, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak otsailaren 21ean iragarritakoaren eta ETAk armak, munizio eta lehergailuak indargabetu eta erabilera operatibotik kanpo jartzeko konpromisoaren ostean irekitako egoera azaldu zuten. Elejabarrietak azpimarratu zuen baldintza hauetako prozesu bat aurrera eramateko Estatuen inplikazioa oso garrantzitsua dela.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoera eta beraiek aurrera eramandako azken ekimenak, bertan zeuden parlamentari eta adituen interesa piztu zuten (joan den urtarrilean 22 parlamentarik presoen eskubideak errespetatzea eskatzen zuen mozio bat sinatu zuten).
Bertaratutakoek egoeraren inguruan eztabaidatzeaz gain, prozesua laguntzeko eta bereziki presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aurrera begira egin ditzaketen ekimenen inguruan aritu ziren.
Bilera honek segida ematen dio Britainia Handiko hainbat parlamentarik Euskal Herriko prozesuaz egiten duten jarraipenari. Honen baitan hainbat ekimen izan dira; Brian Currinek 2011ko otsailean antolaturiko konferentzia, 2012ko azaroan parlamentariekin izandako bilera pribatua, orduan ere Elejabarrieta eta Zulaikak hartu zuten parte, eta 2013ko ekainean Paul Riosek egindako Foro sozialaren gomendioen aurkezpena.