Sortuk Greziako herri mugimendua eta Syriza Ezker erradikala den alderdia zoriondu nahi ditu, joan den asteburuan ospaturiko herri hauteskundeetan lorturiko emaitza honengatik.
Emaitza itxaropentsu hauek Syriza Greziako herriarentzat benetako botere alternatibo erreala bilakatu dela erakusten dute. Troika eta bertako bere kolaboratzaileen erregimenaren aurrean alternatiba. Nazio subirautzaren desagerpen erreala eta txiroenen kontrako austeritate neurriak bultzatzen dituen memorandum baten inposatzeak, ezkerreko proiektu alternatibo bat inoiz baino beharrezkoagoa egin dute. Egun greziar gizarteak, proiektu alternatibo hori Syriza koalizioan aurkitzen du.
Grezian ematen ari den herri mobilizazioa erregimen aldaketa eskatzeko, gure herrialdeetan zein Europa mailan gizarte aldaketa erradikal baten alde borrokan dihardugun guztiontzat pizgarria da.
Zentzu horretan gure desioa, hurrengo asteburuan bai greziar hauteskundeen bigarren itzuliak bai Europar parlamenturako hauteskundeek kapitalaren Europaren aurrean gizarte benetako alternatibak planteatu eta gauzatu nahi dituen gizarte kritiko bat badagoela islatzea da.
Sortuk Syrizaren emaitzengatik bere poztasuna adierazteaz gain, elkartasunezko besarkada bat helarazi nahi die gazte, emakume, langile, emigrante eta ikasle guztiei; Troikaren politikek gehien kaltetu dituenak. Era berean gure aitortza adierazi nahi diogu greziar herriari horrelako egoera zail baten aurrean erakutsitako antolakuntza eta borroka ahalmenarengatik.