ALBISTEAK

Maite Ubiriaren (Sorturen nazioarteko arduraduna) eta Asier Altunaren (Sorturen Amerikarako arduraduna) iritzi artikulua:

2012ko irailaren bueltan, Habanan, Juan Manuel Santos presidentearen gobernuko ordezkarien eta FARCeko kideen artean, negoziazio prozesu konplexuari eman zitzaion hasiera.

Elkarrizketa mahaia agenda komun batetik abiatu zen, urte guzti hauetan iraun duen gatazkaren arrazoiak heltzeko konpromisotik. Modu horretan, agenda horrek ondorengoa zuen bere baitan: laborantza politiken garapen integrala, parte hartze politikorako bermeak, gatazkaren amaiera, legez kanpoko drogen arazoari irtenbidea ematea, biktimen aferaren lanketa eta akordioen inplementazioa, egikaritzea eta berrespena barneratzen zituen atal bat.

Hastapenetik, gerrillaren ordezkariak eta gobernuko delegatuek helburu berbera aitortu dute: bakea lortzea. Alabaina, auzia ondorengoa da: nola ulertzen du alde bakoitzak bakea? Santosek behin eta berriro errepikatu du "bakea gerrillaren aldetik armak entregatzea dela". Gerrillarentzat berriz, bakea, justizia, demokrazia, edota laborantza erreforma da.

Bi posizio hain ezberdin eta elkarrengandik urrunen aurrean gutxi batzuk soilik iragarri zezaketen duela bi urte Habanan hasi zen bidea arrakastatsua izan zitekeenik.

Alde batetik, ezaugarri honetako prozesu batek berekin daramatzan zailtasun objektiboak daude. Bereziki, elkarrizketa mahaiko aurrera pausuek ez dutenean ekarri gaineko borrokaren etetea. Bestalde, ezin da guztiz baldintzatzaile izan den beste elementu bat ahaztu: prozesuak kanpo saboteatzaile boteretsuak izan dituelako. Alvaro Uribe presidente ohiak, drogaren negozioaren baitako paramilitar eta terratenienteek prozesua bidetik aterarazteko eraso egiteko zalantzarik ez dute izan.

Hala ere, elkarrizketa mahaiak akordio oso garrantzitsuetan aurrera egitea lortu du; hala nola, lurren banaketaren gainean, parte hartze politikoan edota munduko merkatua hornitzen duen droga-trafikoaren kultiboaren aferetan akordioak erdietsi dituzte.

Zailtasunak izan arren, Santosen Gobernuak eta FARC-en zuzendaritzak argi dute Kolonbiaren etorkizunak elkarrizketaren bidez lortuko den bake justu eta iraunkorra lortzearen bidetik etorri behar duela. 100 urte baino gehiagoz gizarte kolonbiarrari ukatu izan zaion bakea.

Bere mandatuaren azken tartean, Santos presidenteak ez badu jakin ere bake prozesua behar bezala indartzen, hauteskunde presidentzialetan zer dagoen jokoan jakinik, FARC-EP eta ELN-k aldebakarreko su etena eman zuten, maiatzaren 20-28 bitartean.

Maiatzaren 25ean egin zen Presidentziarako bozen lehen itzulian, Santos bigarren lekuan gelditu zen. Uriberen aldeko hautagai den Oscar Iván Zuloagak, La Habanako elkarrizketa mahaia bertan behera uztearen alde dagoen hautagaiak, alegia, lehen itzulia irabazi zuen 3.759.971 boto lortuta, Santosek, bere aldetik, 3.301.815 boto eskuratu zituen. Ezkerreko zerrendek, Clara Lopez (PDA) eta Enrique Peñalosa (Berdeak) hautagai buru zituztenek, 3.000.000 bozken muga ez zuten gainditu.

Igande honetan gerraren hautagaiaren behin behineko garaipena baieztatuz gero, ondorioak negargarriak izan daitezke; ez soilik bake elkarrizketei dagokionez, Kolonbiaren, nahiz mugakideak diren beste herrialdeen etorkizunerako ere bai. Era batean emaitza hori seinale txarra izango litzateke modu batean edo bestean prozesu eraldatzaileekin konprometituak diren gobernuentzat (Brasil, Ekuador eta Venezuelakoa kasu), eta beraz, latinoamerikar integrazio prozesuarentzat.

CELACek (Estatu latinoamerikar eta Karibetarren Komunitatea) gaur Latinoamerika "bakearen eskualde" gisa aldarrikatu duenean, Kolonbian iragana eta geroaren arteko lehia dago jokoan.

Erronkaren tamainaz jabetuta, Kolonbiako hainbat eragilek jokoan dagoen aukeraren araberako erantzukizun politikoa erakutsi dute. Erdibiderik ez dago, gerraren logikari atea ixtea da gakoa.

Azken egunotan konpromisoak bata bestearen atzetik etorri dira. Iragan larunbatean, ekainaren 7an, gatazkak utzitako biktimen gaineko akordioa ezagutzera eman zuten Habanan. Humberto de la Calle buru duen gobernuaren ordezkaritzak eta Ivan Marquez buru duen gerrillaren ordezkariek biktima guztiak aintzat hartzen duen akordioa publikoa egin zuten.

Bestalde, iragan asteartean, ekainaren 10ean, bakearen aldeko bidean beste mugarri izan daiteke erabakia ezagutu genuen. Nazio Askapenerako Ejertzitoak (ELN) eta Santosen gobernuak agiri bateratu baten bidez jakitera eman zutenez bake prozesua irekitzeko behin behineko kontaktuak abiatuko dituzte, "Kolonbian bake iraunkorra eraikitzeko" agenda eta prozesua ahalbidetzeko asmoz.

Santos eta Zuloagaren arteko lehian gauza garrantzitsu asko jokoan izan badira ere, ezkerreko hautesleek mesfidantza handiz begiratzen diote bi hautagai eskuindarren arteko norgehiagokari. Igandean boto-bulegoetara erakarri nahian, ezkerreko alderdiek, gizarte mugimenduek eta pertsonalitate esanguratsuek prozesuaren alde egin dute Bakearen aldeko Fronte Zabala osatuz.

Bogotako alkate Gustavo Petro buru duen Mugimendu Progresista da fronte horren sustatzaileetako bat. Ekimen horrekin bat egin dute besteak beste Iván Cepeda senatariak (Polo Democratico Angela Maria Robledo kongresistak ( Alderdi Berdea ) edo Piedad Cordoba senatari ohiak.

Polo Democratico, Union Patriotica, Marcha Patriotica, Poder Ciudadano, Alianza Verde, eta Progresistas mugimenduekin batera Kolonbiako indigenen erakunde nazionala eta Bakearen aldeko Emakumeak bezalako herri eragileek hauspotu dute Bakearen aldeko Fronte Zabala. Kolonbiak behar dituen erreforma sakonak agerian utzi du bere sorreratik aipatu frente berriak.

Euskal Herrian bezala Kolonbian ere bakearen eraikuntza borroka iraultzailea dela uste du SORTUk.
Hori dela eta, gure babes osoa adierazi nahi dio indar demokratiko, progresista eta ezkertiarrek bultzatu duten ekimenari ekainaren 15ean bakearen aukera garaile atera dadin Kolonbian.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.