ALBISTEAK

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente izango da beste lau urtez. Joan den igandean eginiko Presidentziarako hauteskundeen bigarren itzulian, Santosen hautagaitzak bere aurkaria zen Oscar Ivan Zuluaga, hautagai uribista, gainditu zuen.

Lehen itzulian Zuluagak lortu aurrerapenak, sektore guztiak guztiak aurpegia ematera behartu zituen bigarren itzuliaren aurrean.

Hilabete eskasean, indar liberalak, ezkertiarrak zein enpresa gizonak Santosen aldeko jarrera azaldu dute eta batez ere, bakearekiko euren konpromisoa agertu dute.

Bakeak guztien konpromisoa beharrezkoa zuen, eta hiru aste hauetan biktimen inguruko akordio garrantzitsua lortu da gobernu eta FARCen artean Habanan ematen ari diren elkarrizketetan eta baita Gobernu eta ELNren arteko elkarrizketei hasiera emateko.

Nahiz eta Zuluaga, lehen itzulian lortutako garaipenaren ondoren abantailarekin abiatu izan, Santosek bere kanpaina bakeari aukera berri bat ematearekin lotu izanak, indarrak metatzea eta hautets ontzietan garaipena eskuratzea posible egin du.

Emaitzak argiak izan dira, Santosek garaipena eskuratu du, 7.790.434 bozka, %51 eskuratuz, Zuluagak miloi bat bozka inguru gutxiago lortu ditu 6.890.911 boz, %45 inguru.

Abstentzioa, lehen itzulian ia %60koa izan zena, %52ra jaitsi da oraingoan, nahiz eta nabarmena izaten jarraitzen duen herriak politikoengan duen konfiantza eza.

Alvaro Uribek egindako tokiz kanpoko adierazpenak alde betera utzita, beste guztiek izandako emaitzak onartu eta Santosen garaipena aitzat hartu dute, baita Zuluaga berak ere.

Kolonbiar politika aldaketaren ateetan aurkitzen da. Lehendabiziko aldiz, 12 urteko boterearen ostean, Uriberen hegemonia gaindituta ikusi da.

Gaur, eskuin kolonbiarra zatiturik dago Uribe eta Zuluagaren Centro Democratico eta Santos Presidentearen Unidad Nacionalen artean. Uribismoa garaitua suertatu bada ere gehiegizkoa litzateke Uribe azkenetan dagoenik nahiz eta Santos indartua irten hauteskunde hauetan, La Habanan FARCekin abiatutako elkarrizketa mahaia bidetik ateratzeko helburua duen oposizio gogorra aurreikusi daiteke.

Bestalde, ezkerraren papera dago, lehenengo itzuliko zatiketa (Polo Democratico, Alianza Verde, Progresistas, Unión Patriotica, Marcha Patriótica...) eta lortutako emaitza duinek, ezkerreko alderdiak etorkizunaren inguruko hausnarketa sakona egitera bultzatu beharko lituzke. Ezinbestekoa da ezkerraren elkarlana herrialdeak behar dituen aldaketa politiko eta sozialetan aurrera egiteko.

Datorren legegintzaldia aldaketa handien aroa izan daiteke. Santos jakitun da bigarren itzuli honetan ezkerraren bozkek izan duten eraginaz, eta nola ez, bozka hori bake prozesuak aurrera egiteko prestatua izan dela.

Gobernuak bake prozesua helmuga egokira eramateko betebeharra du; hala ere, FARC eta ELN ere ez daude erantzunkizunetik salbuetsita. Bake denon konpromisoa behar du. Gaur 50 urte luzeetako gatazka gogorraren ostean, gizartearen gehiengoak bakea nahi du eta konponbidearen baita aurrera egiteko apustua egina du. Hala ere, ezin dira ahaztu gerraren logikan jarraitu nahi duen sektore oso garrantzitsu bat ere badela; gerrak bakea baino aktibo gehiago mugitzen dituelako ziurrenik (dirua, boterea, inpunitatea....)

Datozen lau urteak intentsitate handikoak izango dira Kolonbian. Ea aldaketa politiko eta soziala gauzatzera iristen den. Bitartean, erronkak, egunez egun bake justu eta iraunkorraren alde lanean jarraitzeak izan beharko du; guztien Kolonbia eraikitzeko irtenbide bakarra hori baita.

Bakearen aldeko apustua egiten dugun gainerakoon zeregina ere, nazioarteko eremutik prozesu konplexu horri adorea ematean eta babesa eskaintzean oinarritu behar du. Gure konpromisoa hori da. Bidelagun izango gaituzte.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.