Asteburu honetan, abuztuaren 2-3, Korsikan Corsica Liberak antolaturiko "Ghjurnate Internaziunale di Corti 2014" jardunaldietan parte hartu dute Xabi Larralde Sorturen bozeramaileak eta Igor Zulaika nazioarteko taldeko kideak.
Xabi Larraldek Autodeterminazioaren inguruko mahai-inguruan hartu du parte, eta Kataluniar herrialdeetatik, Sardiniatik, Siziliatik eta Palestinatik etorritako delegazioekin batera Euskal Herriak bizi duen egoeraren berri emateko aukera izan du.
Igor Zulaikak errepresioaren inguruko eztabaidan Euskal Herrian azken ikasturtean emandako gertaeren inguruan hitz egin du. Mahai inguru honetan presoen sostengurako Sulidarita elkarteak eta "Ligue des Droit de l'Homme"en sekzio korsikarrak preso politiko korsikarren eskubideen alde izenpeturiko manifestua* plazaratu da.
Gai honekin lotuta, Korsikan 2010etik aurrera martxan jarritako prozesuak zentralidadea hartu du jardunaldiotan eta bereziki FLNCek ekainaren 25ean kaleratutako agiriak zabaltzen dituen aukerak aztertu dira. FLNCek agiri horretan eman zuen aditzera bere ekimen armatua bertan behera utzi eta klandestinitatea modu progresiboan atzean utziko duela.
Bestalde eta 2010eko hauteskundeen geroztik Korsikar Asanbladak erreforma instituzionalerako emandako aurrerapausoak izan dituzte hizpide. Prozesu honek hiru zutabe nagusi ditu, batetik korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna, bestetik egoiliar statusaren egikaritzea eta azkenik erreforma instituzionala bera
Ekimen hauek Korsikan zabaltzen dituzten aukera politikoen inguruan eta Europa osoan erabakitzeko eskubidea egikaritzeko ematen ari diren aurrerapausoen inguruan eztabaida interesgarriak izan dira.
*Manifestua:
Plateforme Revendicatrice – Prisoniers Politiques: Une urgence sociale et politique
LDH.en sekzio korsikarrak eta presoen sostengurako Associu Sulidaritá Preso politiko korsikarren eskubideen aldeko manifestua plazaratu dute.
Manifestuak indarrean dagoen lege frantsesaren betetzea eskatzen du Preso Politikoei dagokienean eta neurri bereziekin bukatzea galde egiten du.
Lau eskari jasotzen ditu:
Horrela eskatzen duten presoak Borgoko espetxera eramatea.
Baldintzak betetzen dituzten presoek baldintzapeko askatasunak jasotzea (25 presoetatik 10)
Egoera Prebentiboan dauden presoak, euren dossier judiziala itxia delarik Korsikara ekartzea.
Egoera prebentiboan eta dossierra irekia duten preso guztiak Pariseko kartzela bakarrean elkartzea.