Datorren igandean, hilak 24, 20 urte beteko dira Filtro ospitaleko gertakarietatik. Uruguaiko hiriburuko ospitale horretan zeuden estradizioen aurkako gose greban ziren Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal iheslariak. Milaka herritarrek estradizioen aurkako protesta burutu zuten eta protesta horien errepresioan, Roberto Facal eta Fernando Morroni hil zituen Uruguaiko poliziak.
Elkartasun internazionalistaren adibide izan ziren orduko mobilizazioak eta 20 urte beranduago, nabarmentzekoa da "Uruguai Euskal Herriko bakearen alde" adierazpenen eta ekimenaren bidez Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako prozesuak Uruguaitik jasoriko babes eta bultzada.
Filtroko gertaeretatik 20 urte betetzen direnean, ekitaldi politikoa antolatu du Sortuk. Ekitaldia igandean, hilak 24, burutuko da, Donostiako Sarriegi enparantzan eta goizeko 11:00etan. Amaia Izkok egingo du hitzartze nagusia. Horretaz gain, orduko gertakarien inguruko testigantza ezberdinak izango dira.
Sortu,
2014ko abuztuak 19