ALBISTEAK

Sorturen nazioarteko lantaldeko Igor Zulaika ostiralean RICek Glasgown antolaturiko "Global Scotland: Another World is Possible" ekimenean eta larunbatean Buchanan Streeten antolaturiko kontzentrazio eta informazio mahaietan hartu du parte.

RIC, Radical Independence Campaign Independentziaz hausnartu eta honek Eskozian zabalduko dituen aukeren inguruko ikuspegi erradikala artikulatzeko sortu zen 2012ko azaroan. Eskoziako ezker erradikalak RICen bat egin du, urteetako banaketa eta enfrentamendu dinamikari bukaera emanez. SSPko kideak, alderdi berdekoak, SNPkoak, independienteak, laboristak, sindikatuetakoak, talde antinuklear, zein mugimendu sozial ezberdinak elkartuz.

Ekitaldia Glasgow mendebaldean dagoen Oran Mor zentroan ospatu zen eta hitz-hartze politikoak eta musika emanaldiak tartekatu zituen, azken hauek National Collective independentziaren aldeko artisten eta sortzaileen antolakundeko kideen eskutik.

Lehen hitz-hartzeen artean azpimarratzekoa izan zen Cat Boyd sindikalistarena, zeinak biziki kritikatu zituen alderdi Laboristaren politika neoliberala eta langile klasearen aurka darabilen beldurraren politika; azpimarratzekoa ere, Alderdi Laboristaren aldeko musulmanen erakundeko idazkari orokorraren hitz hartzea, Alex Salmond eta Nicola Sturgeonekin agertokia partekatu zuena duela gutxi. CNDko Isobel Lindsayk, arma nuklearren aurkako kanpaina historikoko kideak, erreferendumaren garrantzia azpimarratu zuen, baiezkoaren garaipenak, Erresuma Batuaren desarme nuklearra eragingo lukeelako.

Gaualdia amaitzear zegoela izan ziren CUP eta Sorturen interbentzioak, erreferendumaren nazioarteko dimentsioa eta garaipenak Herrialde Katalanentzat, Euskal Herriarentzat eta beste estaturik gabeko nazio askorentzat lukeen garrantzia azpimarratuz. Lluc Salellas CUPeko ordezkariak Diadaren arrakasta eta aurretik dituzten erronka nagusien inguruko azalpena eman zuen.

Sorturen ordezkariak RICen eta erreferendumaren garrantzia azpimarratuz hasi zen, Downing Streeten egindako bandera aldaketa traketsaren aurrean (Eskoziako bandera sinbolikoki izango da Downing Streeten erreferendum egunerarte) Eskoziak munduari, independentzia ez dela soilik banderaren koloreak aldatzea, erakutzi diezaokela ekarri zuen gogora. Guy Standing.en zita bat erabiliz Eskozia justizia sozialaren erreferente bihurtu daitekela eta beste mundu bat posible dela frogatu dezakela azaldu zuen..

Sorturen delegatuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gogora ekarriz eta Arnaldo Otegiren esaldi ospetsuarekin bukatu zuen bere hitz hartzea "Egin irribarre, irabaztera goaz eta!".

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.