ALBISTEAK

Kolonbian izan dira egunotan Amaia Izko Sorturen eleduna eta Urko Aiartza Sortuko kide eta Amaiur-eko senataria. Kolonbiara eginiko bidaiaren helburua Kolonbiako prozesuaren garapenari buruzko lehen eskuko informazioa jasotzea, eta Sorturen konpromisoa, elkartasuna eta babesa erakustea izan da. Modu berean Euskal prozesuaren zailtasunen eta aurrerapausoen berri emanez.

Izko eta Aiartzak "Fundación Comité de Solidaridad con los Presos Políticos" fundazioak urriaren 15ean Bogotan antolatutako "Foro Internacional sobre el Delito Político y Proceso de Paz" ekimenean hartu zuten parte. Izkok hitzartzea egin zuen euskal preso politikoen tratamendu judizial eta penitentziarioaren inguruan. Hitzaldia ikerketa zabalago baten parte izan da Palestina, Amerikako Estatu Batuak, Txile eta Argentinako egoerekin osatuz.

Bogotako konferentziaren ostean, Santander-eko departamentuan den Palogordo segurtasun goreneko espetxean izan da Izko, nazioarteko beste ordezkari batzuekin, bertan espetxeratuak diren preso politikoen ordezkaritza batzekin batzartzeko. Bogotatik 6 ordutara dago espetxea (kotxez) eta 1.700 preso inguru daude bertan espetxeratuak, soilik 1.100 lagunentzako lekua dagoen arren.

Espetxean bizi baldintza eta eskubide urraketen berri eman diote presoek (FARC, ELN eta EPLko kideak dira gehien bat) eta era berean, euskal preso politikoen egoeraz eta EPPKren ekimenen berri galdetu diote Izkori.

Preso politiko kolonbiarrek pairatzen duten espetxe politikak euskal preso politikoek pairatzen dutenarekin antzekotasunak ditu: dispertsioa, izaera politikoaren ukazioa, neurrigabeko zigorrak, desasistentzia sanitarioa...

Habanako elkarrizketen harira, hainbat mugimendu presioa egiten ari dira preso politikoek ere ordezkari bat izan dezaten elkarrizketetan.

Bogotan eginiko "Foro Internacional sobre el Delito Político y Proceso de Paz" nazioarteko seminarioaren garrantzia azpimarratu dute presoek, preso politikoen izaera, egoera eta eskubideen urraketa ikustarazteko balio izan duelako. Antzeko ekimenak burutzeko deia egin zuten, munduaren luze zabalean ematen diren egoerak ezagutarazteko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.