ALBISTEAK

Kubak eta Estatu Batuek solemnitate osoz iragarri zuten atzokoan harreman politikoak berrartzeko erabakia; esanahi handiko delibero baten aurrean gaude, kontinente amerikarrean garai berria zabalduko duena inongo zalantzarik gabe.

Orain sei hamarkada luze irlari inposatutako isolamenduak eta Iraultza itotzeko Estatu Batuek martxan jarritako neurri politikoek eta blokeo ekonomikoak porrot egin dute bete-betean.

Berlingo harresiaren erorketaren 25 urtera beste harresi bat, ikusiezina baina hura bezain bidegabea, Karibeko irla txiki bati munduko potentzia nagusiak inposatua, erortzen hasia da.

Eta argi eta garbi esan beharra dago harresi horri, horrenbeste sufrimendu eragin duen horri arrakalak sortzen hasiak zaizkiola herri kubatarrak liderra duen Fidel Castroren eskutik burujabetza nazionalaren banderari eusten erakutsitako adoreagatik.

Atzokoan La Habanako kaleek herritarren ospakizun irudiak eman zizkiguten Estatu Batuei itzulitako bi presoen askatasuna emandakoan Estatu Batuetako espetxeetan preso mantendutako hiru presoen kaleratzeagatik. Ikusi dugunez, etorkizunari itxaropenaz begiratzen diotenen jarrera nagusitu da irlan.

Estatu Batuetatik irudi apalagoa heldu zaigu aldiz, alferrik ezarritako zigorrarekin aurrera egiterik ez dagoela barneratu duen presidente batena; eta bestetik iritzi desberdinak dituen klase politiko batena, aldaketaren liseriketa egiteko denbora gehiago beharko duena nahiz eta Estatu Batuek askoz gehiago daukaten irabazteko galtzeko baino Etxe Zuriak "Norabide Berria Kubarentzat" deitzen duen horrekin.

Obamaren prentsa bulegoak erabilitako hitz berdinak hartuta argi esan behar da norabide aldaketa posiblea izan dela ezer baino lehen Kuba, bere herritarrak eta bere ordezkariak gai izan direlako lemari tinko eusteko, iparamerikarren sedukzio kantuak alboratuta xantaia, sabotaia eta mehatxuen gainetik; horien bidez saiatu ziren kubatarrek 1959an justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako herri berria eraikitzen hasi zuten lanetik aldentzen eta saiakera arbuiagarri hori guztia alferrik egin dute.

Elkartasuna izan da besteak beste, eta nahiz eta garai ekonomiko zail eta gogorretan bizi, inoiz uko egin ez zaio balorea Kuba sozialistan. Egun Afrikan ebolaren kontra eta arreta mediatikotik at aritzen diren ehunaka mediku kubatarrak herri duin baten ikur bilakatu dira.

2014eko abenduaren 17ko eguna historikoa izan da Kubarentzat arrazoi bikoitza tarteko, La Habana hiria beste gertakizun garrantzitsu baten lekuko izan delako; Kolonbiako FARC-EPk aldebakarreko sueten mugagabea iragarri zuen atzokoan, eta nahiko genuke maila bereko erantzuna ematea ere Kolonbiako gobernuaren aldetik. La Habana bakearen munduko hiriburua izan zen atzokoan inongo zalantzarik gabe, kontinente oso batentzako itxaropena erakutsi zuen hiria. Atzoko egunak ireki duen garai politiko berriak herriei zein gizabanakoei gorde beharreko errespetuan aurkitu behar du oinarri eta mehatxu interbentzionista eta injerentziarik gabeko harreman eredu berria eskatzen du. Eta Kubarentzat balio duen horrek berdin balio beharko luke Venezuelarentzako.

SORTUk beraz Kubako eta EEBBetako agintariek egindako iragarpenak poztasun handiz nahi ditu agurtu eta baita beren ausardia eta ardura politiko erakustaldia azpimarratu nahi ditu ere.

Edozein kasutan, kontziente izan behar dugu elkarren arteko konfiantza neurri askok elikatu beharko dutela aldaketa garaia. Itxaropenaz betetako iragarpen bat aurrean gaude, baina benetako ospakizuna irlari inposatutako blokeo eta lege ezbidezkoen anabasa horren guztiaren betirako amaierarekin batera helduko da.

Gaur inoiz baino gehiago, Kubak gure elkartasun eta babes osoaren beharra dauka. Gaur inoiz baino nabarmenago Euskal Herriaren sentimenduen mapan lehentasunezko lekua duen herri batekiko harremana berritzeko eta estutzeko beharra dago.

Kubak leku berezia dauka amets iraultzailea partekatzen dugunon bihotzean; hemen borrokan ari garen SORTU kideok umiltasun handiz egiten saiatzen garen bezalaxe, Euskal Herria independente eta sozialista eraikitzeko bidean.

Horregatik uste dugu Kubak ez duela bakarrik egon behar. Garaia da nazioarteko politikagintzako bestelako aktoreek Europako Batasunetik hasita, pausu eraginkorrak ematen hasteko Kubarekiko harremana berdintasunean eman dadin eta bere etorkizunari buruz Kubak hartuko dituen erabakien errespetuan oinarrituta bereziki.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.